Etxapeko errefortzu eskolak emateko boluntario bila ari dira ikasturte berrirako

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Kontseilu Sozialista 2026ko irailaren 2a

Laugarren ikasturtez jarraian, eskolaz kanpoko hezkuntzara doako eta kalitatezko sarbidea bermatzea xede duen ekimena garatuko dute Etxape Zentro Sozialistan, eta boluntario bila ari dira.

Hastear den ikasturte berrian ere errefortzu eskolei jarraipena emango diete Etxape Zentro Sozialistan. Ekimen horren helburua eskolaz kanpoko hezkuntzara doako eta kalitatezko sarbidea bermatzea da. Lan boluntarioaren bidez funtzionatzen dute, eta langile klaseko kideen arteko elkarlaguntzan oinarritzen dira.

2023/24 ikasturtetik dago egitasmoa martxan, eta aurreko ikasturtean 30 ikasle inguru joan ziren astez aste Etxapera: etxeko lanak egitera, ikasketa ohiturak garatzera eta euskara ikastera zein praktikatzera. Talde txikien bidez funtzionatzen dute, gehienez lau ikaslez osatutakoak, haien ezaugarrien, beharren edota adinaren araberakoak, besteak beste. Gainera, ikasleei ahalik eta modu egokienean laguntzeko, ikastetxeekin, udaleko sailekin eta herriko eragileekin harremana dute, baita familiekin etengabeko harremana ere.

Ikasturtez ikasturte eskariak nabarmen doaz gora, eta horiei modu egokian erantzuteko boluntarioak behar dituzte. Beraz, ikasturte berrian ordubete eskaintzeko prest dagoen herritar orori harremanetan jartzeko deia luzatu diote.

  • Telefonoa: 622 21 85 25
  • Helbide elektronikoa: errefortzueskolaketxape@gmail.com

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide