SANTELMOAK

Repetizioetarako eguraldi iragarpena

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Egaña 2017ko api. 27a, 15:52

Santelmoetako asteburua paregabea izan zen, baina repetizioetarako ez da berdina izango. Euria faltan bota zuenarentzat oraingoan izango du berea. Ez dira egun euritsuak izango, baina bai egingo duela momentu batzuetan.

Gainera, haizea ere zakar ibiliko da zenbait uneetan. Larunbatean hego-ekialdeko haizea nagusituko da eta gainera indarra hartuko du goizean zehar, 60 km/h boladekin arratsalderako eta gauerako. Bestalde, fronte bero bat iritsiko da barnealdetik eta hodeiak ugarituz joango dira eguerdi parterako zerua erabat estaliz. Euria ere egin dezake eguerdi parte horretan.

Arratsaldeak aurrera egin ahala hobera egingo du. Goizaldea nahiko freskoa izango da eta tenperatura minimoa 6 ºC inguruan kokatuko da, baina hego haizeak epelduko du ederki eta maximoa 20 ºC-ra hurbilduko da.

Igandean goiz partean hego haize zakarra ibiliko da eta hodeiak egongo badira ere ez da euririk espero. Arratsaldean ordea, haizea mendebaldu egingo da eta fronte bat iritsiko zaigu. Horrela, arratsaldean zaparradak espero ditugu, momentu batzuetan nahiko mardulak. Tenperatura hego haizearekin oraindik altua izango da goizean eta maximoa 20 ºC inguruan kokatuko da. Gainera, larunbatetik igandera bitarteko gaua epela izango da tenperatura 13 ºC-tik ez bait da jaitsiko, baina arratsaldean ederki jaitsiko da tenperatura haize aldaketarekin eta gauerako giroa hoztu egingo da, gauerdian 8 ºC inguru izatea espero da.

Beraz, egun euritsuak ez baina oraingoan euria egingo du momentu batzuetan. Hasiera batean ona egin behar zuela ematen zuen, baina oraingo datuekin egin dizuedan iragarpenak fidagarritasun handia dauka.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide