Konplizitatea eta borroka

Virgine Despentesek King Kong teoria liburuan aipatzen dituen guzti horietakoak elkartu ginen: itsusiak, atso zaharrak, mari mutilak, larrutan gaizki jotakoak, larrutan gehiegi jotzen dutenak, histerikoak, neska gaiztoak (eta txintxoegiak), lodiegiak eta argalegiak, ezpainak fin margotutakoak eta gehiegi makillatzeagatik desmakillatuak, lotsatiak eta lotsagabeak, ahulak, indartsuegiak, ama txarrak eta neska lagun sumisoegiak. Asko izan ginen. Gogoratzen duzu?

Asko izan ginen, bai. Ez ginen guztiak izan, baina. Eskerrak gure pribilegioak gogorarazten dizkiguten kideak ere ondoan ditugun! Egun hartan, gure –bai, zumaiar zurion– aiton-amonak zaintzen dituztenak, langile prekarizatuenak... ezin izan ziren (ezin izango dira) kalean egon. Ez dezagun ahaztu. Har dezagun martxoaren zortzian, eta egunerokoan, horren ardura. Egingo dugu?

Istorio desberdinek gurutzatzen gintuzten gutako bakoitza; emakume* adina istoriok, zehazki. Bizitza osoa etxeko lanak –dohainik– egiten pasa eta baloratua ez izatearen kontzientziak eraman zuen emakume* adineko bat kalera, bastoi eta guzti. Lehen txortaldian bortxatua izan zela konturatzeak beste neska* gazte bat. Hitzez azaldu ezin den zerbaitek mugitu zituen asko eta asko. Zerk eraman zintuen zu kalera?

Asanblada feministan militatzen hasi berria zen neska* gazteak inoiz baino ozenago egin zuen oihu: go-ra, bo-rro-ka, fe-mi-nis-ta! Alabarekin feminismoa zer zen ezagutu zuen emakumeari* minez eta harrotasunez lehertu zitzaizkion barruak, hurrengo belaunaldiak hartua zuen hautua sumatzean. Go-ra, bo-rro-ka, fe-mi-nis-ta! Feminismoa urteetan bazterrean ikusi zuen feministak, ahoa eta begiak ezin itxita pasa zituen errepidean eserita igarotako 10 minutuak. Go-ra, bo-rro-ka, fe-mi-nis-ta! Kuadrillan gerturatu ziren asko. Go-ra, bo-rro-ka, fe-mi-nis-ta!

Irratian “gizon adituak” “makroekonomiaz” txutxumutxuka entzuten zituen bitartean soldatapeko lanorduak betetzera joan aurreko 10 minutuetan oraindik etxean aspiragailua pasatzen zuen eta “mikroekonomian” aditua zen emakumeak* behingoagatik erabaki zuen haurrei eta senarrari gosaria, bazkaria, askaria eta afaria kozinatu, zerbitzatu eta garbitu gabe uztea, hargatik bere burua zalantzan jarri bazuen ere. Go-ra, bo-rro-ka, fe-mi-nis-ta! Bere gorputza gorrotatzetik maitatzerako prozesuan murgilduta zeuden hamarnaka neska* eta emakume* determinazioz atera ziren kalera. Harro. Zer sentitu zenuten?

Milaka bizipen. Eta oihu bat: go-ra, bo-rro-ka, fe-mi-nis-ta! Gero eta egiazkoagoa: go-ra, bo-rro-ka, fe-mi-nis-ta! Gero eta ozenagoa: GO-RA, BO-RRO-KA, FE-MI-NIS-TA! Oihu bat eta mila istorio. Oihu bat eta mila istorio, historiaren une berean. Zapalkuntza beraren aurrean, egiturazko biolentziaren aurrean, historia egiten. Bizitzen alde historia egiten.

Hori erakusten digu feminismoak: gure susmo, gure uste, gure kontu “pertsonalak” eta gure “esajerazioak” eremu politikoan eta ekonomikoan kokatzen. Eta feminismoak (eta gure lagunek, kideek eta konplizeek) sistema heteropatriarkal kapitalistaren atzean dauden biolentzia guztiak identifikatzen erakusten digunetik, egunetik egunera, gobernaezinagoak bihurtzen ditugu gure bizitzak. Horrek egiten du atzeraezin aldaketa.

Horretan ari gara. Eta lortuko dugu. Martxoaren Zortzian, beste behin, konplizitatez eta borrokaz beteko ditugu kaleak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide