Co-housing

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Velarde 2019ko ots. 1a, 11:29

Muxuak Internet bidez eta isunak postaz bidali eta jasotzen diren garai hauetan, egun onak balkoitik balkoira oihukatzen dira Alfamako kaleetan. Izarak lehortzeko eguzkirik azaltzen ez denetan ere, kontu kontari ibiltzen dira 70ak aspaldi paseak dituzten emakumeak eta gustura asko onartuko zaituzte “balkoien asanbladan” leihotik burua ateratzen duzun lehen egunean.

Baina gauak gautxoriak eta egiak biak batera esnatzen ditu, eta gizartearen gabeziek ere diz-diz egiten dute hiriaren iluntasunean. Bakardade bana leiho bakoitzeko. Gure etxeetako zirrikitu eta ate guztiak itxi ditugu nor sartuko beldurrez, eta orain geu gara bertatik atera ezinik gaudenak. Bakar-bakarrik.

Halako zerbait izango zuen buruan Bodil Graa kazetariak, 1967an “ume batek 100 guraso izan beharko lituzke” iritzi artikulua idatzi zuenean. 60ko hamarkadako bizi ereduak nazka-nazka eginda, gonbita egin zien Danimarkako bere herritarrei, etxebizitza multzo bat sor zezaten, bertan komunitatean bizitzeko.

Jendearen erantzuna ugaria eta berehalakoa izan zen. Bost urteren buruan iritzi artikulu hura 27 etxebizitza, hezkuntza sistema autogestionatu bat eta langile kooperatiba bat bihurtu ziren.“Bofællesskab”: Danimarkako lehen Co-housinga.

Baina gizarte honetan askotan gertatzen den modura, izena sortzen duenak ez du zertan haren atzean dagoenaren aitzindari izan. Hori dela eta, bizimodu kolektibo honen nondik norakoak ezagutzearekin batera, guregandik hurbil ditugun adibideak ere badirela ohartuko zarete.

Co-housinga elkarbizitzaren ideia bera duten jende multzo batek sortutako komunitatea da, bizitza pribatua eta publikoaren arteko muga malguago batean sinisten duena. Arkitektura mota honek komunitatearen beharrizanen araberako auzo autogestionatua sortzea du helburu eta bertan bizi dena proiektuaren parte da, ez erabiltzaile soila. Zoriontasuna konpromiso sozialaren truke.

Gaur egun, danimarkarren % 10 etxebizitza eredu kooperatibo hauetan bizi da. Baina, Euskal Herrian bestelako errealitateak aurkitzen ditu sistema honek, gizarte indibidualista honen konponbidea izan dezakeen giltzari maratilak behin eta berriz aldatzen baitizkiote. Errekalehorrez ari naiz, noski.

Bakarrik sentituko garen beldurrak ate gutxi izango ditu oraindik jo gabeak, baina badugu irtenbiderik: izan La Entrepatios kooperatiba Madrilen, izan La Muralleta co-housinga Santa Olivan edo Errekalehor, Gasteizen. Alda ditzagun bizitza eta etxeak, eta beharrezkoa bada, etxebizitzak.

Har ezazu segundo bat pentsatzeko eguneroko inertzia frenetiko horretan, bi begien artean jarri dizuten familia gizarte eredua hau ote den zoriontsu egiten zaituena. Ni ez nago batere ziur.

Papera eta boligrafoa mahai gainean utzi eta leihora hurbildu naiz arnas bila. Pareko 60 m2-ko etxean izara garbiekin egingo dute gaur lo, beheko bizilagunaren katu persiarrak galtzerdi erosi berriak puskatu dizkio bart jabearen maitaleari eta bigarren pisukoen semeak auzoko supermerkatuan lana aurkitu du azkenean. Tamalez, garbigailu asko eta elkarrizketa gutxi gurean ere. Eta nola dakidan hori guztia? Balkoietan zintzilikatzen ditugun arropek guk baino gehiago esaten dutelako askotan; zintzilikatzen ditugulako bizitzak, lehortzen zaizkigulako ohartu gabe.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide