IRITZIA

Hondartza bat, denona

Erabiltzailearen aurpegia Maria Maya Manterola 2023ko uzt. 31a, 09:00

Uztailako Baleike aldizkarirako idatzitako artikulua da honakoa. 

Iritsi da uda. Egunak luze, iluntzeak epel eta zerua urdin den urtaroa. Izozkiena, bainujantziena eta eguzkitako kremarena. Gorputz ilegabeak depilatzen ageri dira telebistan sasoi honetan, azal pikor gabe tenkatu eta dirdiratsuak kremaz estaltzen aldizkarietan, sabel lauak izozki kalorikoak lirainki dastatzen tabernetako iragarki paneletan eta lagun koadrila zoriontsuak iluntze urrekaratan garagardoarekin topa egiten bideoetan.

Urtero bueltan dator uda, baina urtero da berria. Eta lehen arratsalde epelekin batera iritsi da urteroko hondartzako murmurioa ere.

Izan ere, maite dut uda, baina duela egun pare bat ezagun bati entzundakoak korapiloa sortu dit sabelean. "Zer nolako gorputzak ikusten diren hondartzan, aizue". Crossfita erlijio berria den garaiotan, ur ertzean pasieran ikus daitezkeen giharrez eta ipurmasail gogorrez ari zen, noski.

Ez dakit gihartsuak ez zirenak hondartzan ikusi ez dituen, edo ez diren hondartzara joaten. Edozein kasutan, bi hipotesiak dira txarrak. Ez ninduen harritu komentarioak, urtero halakoak entzuten direlako: "Orain arte ez diot nabaritu, baina, aizu, bizilagunari tripa hazi zaio, haurdun egongo ote da? Badu garaia". "Eta zein zuri dagoen hura, ezta? Hanketako zainek errekak dirudite izterretatik behera". "Uretara sartzen ari dena, berriz, asko argaldu da; gehiegi, akaso. Badakizu, udaberrian ekingo zion bikini operazioari, uztaila heltzerako luzitzeko". Batzuk ahoz goran eta zuzenean pertsona horri berari dardo pozoitua botatzerainoko lotsagabeak izatera ausartzen dira, gainera. Koadrilakoaren ahotik, familiarteko batengandik edo beste edonorengandik etor daiteke komentario mingotsa, eta kargu hartzea ere zaila izaten da batzuetan.

Baina egin dezagun ariketa, goazen geure begirada propioak zalantzan jartzera. Ken ditzagun betaurreko epaitzaileak, eta utz diezaiogun gorputz ez normatiboekiko hondartzako murmurioa hauspotzeari. Utz diezaiogun osasuna eta argaltasuna lotzeari. Arazoa, nonbaiten egotekotan, ez baitago gorputzetan. Kanonetan eta, batik bat, patriarkatua den makinaria erraldoia sostengatzen duten begirada horietan baizik.

Egin dezagun mundu, urtaro eta hondartza bat herrenak, gizenak, titi handidunak, adinekoak, haurrak eta iletsuak eroso sentituko direna. Egin dezagun uda guztiontzako urtaro gozagarria.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide