Deskonektatzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Maria Maya Manterola 2025eko uztailaren 22a

Uztaileko Zumaia Guka aldizkarirako Maria Maya Manterola kazetariak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Uda sasoiko herri eta auzoetako festak heltzerako lehen oporraldia egiteko zortea izan dute batzuek. Abuztua iristeko zain egongo dira beste batzuk, ikasturteko nekearen zamak gogaituta. Eta udaren hondarretan leku eguzkitsuagoetara bidaiatuko duenik ere bada, eguzkipean lan egin eta gero, eguzkia atseden hartzeko bilatuko duenik. Mendiko bide batean topatuko dute batzuek lasaitasuna; ordu txikitan dantzatutako kanta baten leloetan besteek.

Lana-kirola-garbigailua-tuperra-lo zurrunbiloaren barrutik itsasargi baten gisan agertzen dira oporrak. Baina nekez uzten dira lan kontuak bulego, tailer, ikasgela, taberna edota laborategi barruan halakoetan. Burua pixka bat arintzerako heltzen zaizkigu patriketara jakinarazpenak, mezuak, emailak. Sakelakoak itzali besterik ez dagoela pentsatuko du askok: erraza da, off botoia zanpatu eta kito. Deskonektatzeko, ordea, makinak bakarrik ez, buruak ere itzali behar izaten dira, eta nekezagoa izaten da hori. Kanpoko zarata isilarazteaz gain, barruko isiltasunari leku egitea ere izaten da (des)konektatzea. Egunerokoarengandik urrundu, eta geure buruarekin berriz topo egitea, alegia. 

Niri ere gertatu zait. Ekainaren erdialdean opor egun batzuk izan ditut, abuztuan helduko diren opor luzeagoen atariko. Lehen egunean goizeko zazpietan jaiki nintzen mendira joateko asmoz, "oporrak aprobetxatu behar dira" delako leloari men eginez. Bost orduko ibilaldia egin nuen, eta bideko paisaia, benetan, zoragarria. Baina, noski, gogoeta bakoitza eta ikuspegi ederrena galdu nahi ez nuenez, sei argazki egin, bi bideo grabatu, eta TikTok baterako material polita bildu nituen.

Eta igerilekuan, azken Gabonetan oparitan jaso nuen baina oraindik irakurri gabe neukan liburua esku artean nuela etorri zitzaidan pentsamendu intrusiboa –inspirazioa deituko diote batzuek–, eta ohartu nintzen oraindik ez nuela aldizkariko uztaileko iritzia idazteko moduko ezer asmatzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide