Zuzeneko bat

Erabiltzailearen aurpegia Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 21a

Sakelakoa.

Maria Maya Manterolak azaroko Zumaia Guka aldizkariko Korapiloa atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. 

Dar-darka hasi da telefonoa garagardo edalontziz gainezka den terrazako mahaian, eta ez dio lagunei kontatzen ari zen txistea amaitzeko denborarik eman Andreari. Bere lagunekin barrez ari da, ahots baxuan, natural, desordenatuta. "Ama" irakurri du argitu berri den pantailan. Eztarria garbitu, zigarroa hautsontzian utzi eta tente jarri da amaren deiari erantzuteko, eta zuzendu du bizkarra, belarriaren atzean ezarri libre zebilkien ile sorta. 

Aritzek sakelakoa du eskuetan, eta aurreko asteburuan parrandan ezagutu zuen lagunarekin ari da. Igande goizean mendira joan nahi duen galdetzeko mezua idatzi dio, eta proposamena zuzenegia izan zitekeelakoan, lau aldiz irakurri ondoren, etenpuntuak gehitu dizkio. Alboan daukan lagunari esan dio bota duela amua, egin duela bere esku zegoena, eta datorren erantzuna ondo hartuko duela, nahiz eta bost minutuan bost aldiz piztu duen mugikorreko pantaila, hala erantzuna lehenago iritsiko balitz bezala. 

Sukaldaritza italiarreko ikastaroan izena eman du Libek udazken honetarako. Dagoeneko bete ditu 34 urte, bakarrik bizi da, badu garaia zirkulu sozialak zabaltzeko, zapatuetan tabernetan topatu ez dituenak ere lagun egiteko. Adulting pixka bat, esango lukete lagun artean. Amantal marroi argia estreinatzeko aitzakia ezin hobea. Gainera, terapeutikoa izan daiteke egurrezko mahaian irina eta arrautza oratzea. Errezeta jarraitu arren, irina matxinatu egin da; arrautzak mahaiaren ertzetik ihes egin dio. Liberen azken hilabeteen antza du oreak: itsaskorra da, traketsa, batetik bestera alderrai. Ingurura begiratu eta denak ikusi ditu bere koreografia zentzugabean, itxurazko gogo biziz, eta barre egin du, isilik, bere buruaz.

Antzezpen txikiak dira guztiak ere, gure eguneroko keinu txikien koreografia. Hala egin du berriki Rosaliak ere Lux bilduma berria aurkezteko marketing kanpainarekin: sare sozialetan zuzeneko baten itxura zuen, baina ezer gutxi utziko zuen inprobisazioaren esku. Performance bat performance baten barruan. 

Gure bizitzako bideoetan, elkarrizketetan eta isiltasunetan ez ote gara gu gauza bera egiten ari, eta ez ote den bizitza hori besterik, errealitate itxura eman nahi diogun zuzeneko gionizatu bat. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide