Jolasaren arauak aldatzea haurrak ez galtzeko, galdutako jostailu berdina erostea bestea galdu egin delako edota beste arrain baten bila joatea aurrekoa hil egin dela konturatu aurretik. Horrelako egoerak guztioi egiten zaizkigu ezagunak, guk egin ditugulako edota gure inguruan ikusi ditugulako.
Haurren frustrazio egoerak saihestea gero eta ohikoagoa da. Izan ere, helduok ere gero eta zailtasun handiagoa dugu emozio hori bizitzeko. Itxarotea, aspertzea, zerbait ez lortzea... Hau da, ohikoak diren egoerak bizitzea ahazten ari zaigu.
Sufrimendua saihesten dugun bitartean, umeei erresilientzia garatzeko aukera kentzen diegu, eta pixkanaka etorkizunerako beharrezkoa eta oso garrantzitsua den tresna hori ezabatzen dugu.
Frustrazioa bizitzeak onarpena dakar, eta hori da gure osasun mentalaren oinarrietako bat. Batzuetan, egoerak diren bezala onartu behar ditugu, eta hori ondo dago: galerak, aldaketak, ezetzak, bizitzaren gorabeherak orokorrean, eta batez ere, frustraziorik gogorrena eta astunena, heriotza.
Frustrazioa ez da trauma bat; frustrazioa oinarrizko emozio bat da. Haur bati marrazki bat perfektu ateratzen ez zaionean, hark jolas batean galtzen duenean, berak eskatu duena erosi ez diogunean edo lagun batek berak nahi duenera jolastu nahi ez duenean, egoera horiek guztiek frustrazioa eragiten diote haurrari. Eta, hain zuzen ere, eguneroko bizitzako egoera txiki horiek dira emozio hori kudeatzen eta toleratzen ikasteko aukera ematen diotenak.
Haur batek egoera horiek bizitzen ez baditu edo helduok etengabe saihesten badizkiogu, haren garunak ez du malgutasun kognitiboa entrenatzeko aukerarik izango. Hau da, gauzak guk nahi bezala ateratzen ez direnean, beste aukera batzuk bilatzen, egoera berrietara egokitzen eta gure itxaropenak errealitatera moldatzen ikasten dugu.
Noski, horrek ez du esan nahi frustrazio horien aurrean bakarrik utzi behar ditugunik. Lehenik eta behin, sentimendu hori baliozkotu dezakegu, berehala erreskatatu gabe: haurrak Legoarekin dorre bat eraiki badu eta hori erortzean negar egiten badu, ez diogu berriro eraikiko min hori lehenbailehen pasatzeko, baina zera esan diezaiokegu: "Honek amorrua eman dizu, baina hau ere gertatzen da. Orain berriro eraiki dezakezu, agian beste era batera". Bigarrenik, akatsa normalizatu behar dugu: denok egiten ditugu hanka sartzeak, eta hori da bizitza. Hanka sartzerik gabe ez dago ikasketarik. Gure hanka sartzeak ere azal ditzakegu, eta horietatik ikasi duguna zer izan den kontatu. Bukatzeko, oso garrantzitsua da aspermena eta itxaronaldia ere baimentzea: berehalako asetzeak erresilientzia suntsitzen du. Aspertu eta berehala pantaila uztea edo jolasak proposatzea dira horren adibide batzuk. Utzi beraien kabuz irtenbideak bilatzen ere.
Azken finean, helduen lana ez da guztiz haurraren bidea prestatzea, haurra bere biderako prestatzea baizik.