Nerabezarora hurbildu

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Centeno

Urriko Zumaia Guka aldizkariko Heziketa atalean idatzitako artikulua da honakoa.

Onartu beharra dugu nerabezaroan gurasoengandik urruntzeko izan ohi den joera naturala, baina horrek ez du esan nahi gurasook seme-alabengandik urrundu behar dugunik. Ez da zaila joera hori hartzea: seme-alabek ez dute gurekin egon nahi, eta, beraz, guk ere gure bideari jarraitzen diogu. Ondo dago neurri batean, baina gaur egungo nerabeak oraindik ez daude prest dugun errealitatean bakarrik ibiltzeko. Nahiz eta beraien garuna horretarako diseinatuta dagoen, bizi garen gizartean gure beharra dute oraindik.

Horregatik, badaude haiengandik hurbil mantentzeko egin ditzakegun hainbat gauza:Planak proposatu, nahiz eta berak ez onartu. Zuk jarraitu planak proposatzen. Gehienetan ezetz esango du, baina, agian, egun batean baiezkoa izango da erantzuna. Horrela ez bada ere, bera kontuan hartzen duzula ari zara adierazten.Galdetu zer moduz dagoen. Nahiz eta berak ez erantzun, jarraitu zer moduz dagoen galdetzen egunero. Jo bere gelako atea ura eskaintzeko, nahiz eta berak aurpegi txarra jartzen duen (esan diezaiokezu aurpegi hori ez jartzeko, noski).Ez kritikatu gustuko dituen gauzak, nahiz eta zuk ez ulertu edo zuri ez gustatu. Hori askotan gertatuko zaigu: orrazkera, musika... Txantxak egin ditzakegu, baina gehiegi kritikatzeak urrundu egiten gaitu.Galderak egin, bere interesetan eta gaitasunetan oinarrituta. Batzuetan ez du erantzungo, baina jarraitu galdetzen. Baloratzen duzula erakusten du horrek.Hitz egiten dizunean, entzun; soilik entzun. Askotan ez duzu erantzuna edo konponbidea izango, baina entzun eta erakutsi hor zaudela, bertan zaudela, berarekin.

Bere pribatutasuna zaindu. Bere espazioa behar du, eta, zaila den arren, hori onartu egin behar dugu. Baina bilatu ditzagun elkarrekin egoteko espazioak ere.

Ez hartu era pertsonalean baztertzen zaituenean, nahasmen edo haaserre uneetan erantzun txarra ematen duenean. "Utzi bakean", "ez dut hitz egin nahi"... esaten duenean gogoratu ez dela zure kontrako zerbait, bere barne prozesuen ondorioa baizik. Momentu horretan, agian, tarte bat behar du, baina jarraitu galdetzen, jarraitu bere atzetik eta jarraitu hor egoten.

Barkamena eskatzen ikasi. Askotan, gatazketan aurreratu egiten gara, epaitu egiten ditugu eta gero damutu egiten gara. Horrelakoetan barkamena eskatzeak ere balio du hurbiltzeko. Gure akatsak eta bulkadak onartzeak heldutasuna erakusten du, eta eredugarria da haientzat. Barkamena eskatzeak ez zaitu ahulago egiten; aitzitik, elkarrizketa zintzo baterako zubi indartsu bat eraikitzen du.Bilatu elkarrekin egoteko edozein aitzakia. Nahiz eta berari gustatzen zaion telesaila zuri ez gustatu, ikusi berarekin. Nerabezaroan, gehienetan, hurbilketa ez da elkarrizketa sakonen bidez lortzen, haien munduan sartzeko ahalegina eginez baizik. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide