Ezjakintasunaren eta ezegonkortasunaren eszenifikazio ideala iruditu izan zaizu beti iraila: kaosaren hilabetea, norberaren ganbara txukuntzeko balio duten 30 egunak. Ordura arte etorkizunean zer egin/nola egin/non egin/norekin egin bigarren mailako arazoak ziren bitartean –uda garaian hartzen diren luxu txikiak–, hezur haragizkoak bilakatu zaizkizu iraganeko mamuak bederatzigarren hilabetean, eta arestian aipatutako galderek erantzunak behar izaten dituzte: masterra egingo du Anek, arratsaldeetan haurrak zaintzen hasiko da Jone, Mikelek yogako ikastaroetan eman du izena, Amaiaz maitemindu da Lur.
Zuk, ordea, hasierako galdera berdinekin amaitu duzu hilabetea, eta erantzunak aurkitu beharrean, galdera gehiago batu zaizkizu zerrendara. Urrian ebatzi beharko dituzu aurretik egin gabeko etxeko lanak. Bitartean, egon lasai, trantsizioaren amaiera norberak finkatzen baitu.