Denbora

Erabiltzailearen aurpegia Miren Osa 2020ko urt. 27a, 08:52

Honezkero batek baino gehiagok begiratu diozue iraganari; urte berriak atea ireki ahala, nahitaez egin beharreko ariketa balitz moduan: jada pasatako urtearen errepasoa egin, 365 egunen balantzea positiboa ala hala moduzkoa izan den ebatzi eta urte berriak ezer berririk ekar dezakeen irudikatu. 

Iraganari so geratu baino, urtea aurrera begirako erronkekin amestuz hasi duenik ere izangoa da. Ohikoena izaten da, ordura arte egin ez direnak urtarrilaren 1etik aurrera zinez gauzatuko direla pentsatzea: kiroldegian izena eman, urtean zehar irakurri beharreko liburuen zerrenda egin, aspaldi elkartu ez zaren lagunarekin hitzordua jarri, norberarentzat denbora hartuko dela pentsatu, ingurukoak goxatzeko egunari orduak kenduko dizkiogula sinestarazi eta, kasurik makurrenean, norberaren burua dieta egitera behartu.

Egutegiaren iragandako orriei nahiz denboraren esperoan dauden "berriei" begiratu arren, batzuek zein besteek denbora gehiagoren beharra sumatuko dute: denbora gehiago egindako ekintzetatik taxuzko ondorioak hausnartzeko eta helburu berriei ikasitakotik heltzeko. Denbora 2020an egin beharreko zerrenda osatzean "hori guztia noiz egin behar dut?" galderak barruak nahasten dizkizula sentitzen duzunerako. Funtsean, denbora nahikoa ez dugun sentsazio gazi-gozoa ahotik kendu nahi izatea. Horra erronka. Denbora dena baita; ez gehiago ezta gutxiago ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide