Zaplaztekoa

Erabiltzailearen aurpegia Miren Osa 2022ko aza. 1a, 06:01

Aza bat lau euroan saltzea astakeria hutsa zela kexatu zitzaion bezeroaz nazkatuta idatzi zuen duela ez asko Onintza Enbeitak Berrian. Ez naiz ni hasiko aza jatearen onurez edo kalteez hitz egiten, are gutxiago baserritarrak jarri dion prezioa ezbaian jartzen tematuko. Izan ere, nago ez ote dugun gehienetan gertukoa errazegi egurtzen, produktuaren atzean zernolako lana dagoen ongi jakin gabe. Enbeitak ondotxo esan duen bezala, “aza ez da berez sortzen, ezta lapikora berez iristen ere”.

Herritar eta hiritar urbanizatuon hitzok argudiotzat hartuta edo, ikerketa lan mardula egin du Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak. Duina izeneko ikerketa aurkezten dabiltza herriz herri, baratze ekologikoen ekoizpen kostuak eta lanorduak zehatz ezagutzeko asmoz. Hau da, baserritarren lanei enpresa baten gisako sistema ezarri diote, eta ekoizpen dutenaren kostu erreala jakin nahi izan dute, euren lanaren balioa azpimarratzeaz gain, erosleok ere ohar gaitezen gehienetan erosten ditugun produktuen prezioak izan beharko lukeena baino baxuagoa dela. 

Ondorioetako batzuk izan dira zazpi barazki motaren ekoizpen kostuak altuagoak direla salmenta prezioa baino; lan hitzarmenak jasotzen dituen urteko ordu kopurua baino % 10 gehiago egiten dituela batez beste baratzezain bakoitzak; ekologikoan ari diren laborarien urte osoko soldata bataz beste 14.990 eurokoa dela eta jasotzen dituzten dirulaguntzak diru sarreren % 5,42 soilik direla. Bestela esanda, lurra lantzen dabiltzanek “azakada” edo zaplazteko gutxiegi ematen dizkigute gauza onerako. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide