Katalunia, itzaltzen ari den prozesu baten kronika

Erabiltzailearen aurpegia Oier Zeberio Maiztegi 2019ko ots. 20a, 17:00

Guztiak du hasiera bat eta amaiera bat. Bizitza bera, bere osotasunean, definitzen duen prozesu bat da hau. Prozesu berdina ikus dezakegu bizitza politikoari dagokionez. 

2017ko urriaren lehen egunetan, herri kataluniarrak bere patua erabakitzeko martxan jarri zuen prozesua gorpuztu zuen. Aurreikusi ezin zitekeen etorkizun bati ireki zitzaizkion ateak. Bizitza minutuero eta segunduro bizitzen zen, eta oinarritik zerbait berria eraikitzeko aukera errealak zeudela pentsatzen zen. Estatu espainiarrak gauzatutako errepresioak, eta bertako elite politikoaren gaitasun ezak, asmo eta aukera hauek guztiak zapuztu zituen.

Izaera honetako prozesu politikoa bat denboran zehar mantentzea, hau da, kaleak indarrean edukitzea, oso zaila da. Eta urtebete eta hilabete batzuk beranduago argi eta garbi ikusten dira zailtasun hauek. 2017ko urriaren lehen egunetan, Bartzelonan zebilen edozeinek atmosfera berezi bat sentitu zezakeen. Ilusioaren eta historia egitearen sentimenduaren arteko nahasketa oso berezi bat atzeman zezakeen. Gaur egun, modu hain bortitzean adierazi zen indar hau desagertzen ari da eta ondorioz, prozesua itzaltzen ari da. Milaka manifestari biltzen dituzten martxa luzeak egiten diren arren, tentsio puntu bat eragin dezaketen edo indar erakustaldi gisa jardun dezaketen ekintza erradikalagoen presentzia geroz eta baxuagoa da.

Otsailaren 12an adibidez, hedabide guztiak hasi berria zen epaiketan buru belarri sarturik zeuden bitartean, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren Fiskaltzaren aurrean, protesta gisa hasi zen eta herri harresi gisa amaitu zuen ekintza bat burutu zen. Desobedientzia zibilaren adibide eredugarri bat. Beste hainbat eta hainbat kasutan gertatu den bezala, kasu honetan ere dozenaka hiritarrek (120 bat akaso) borroka oraindik ez zela amaitu adierazi zuten. Erresistentziaren logika jarraitzeko grina argi ikus zitekeen beraien begietan. Adin guztietako pertsonak zeuden, familia osoak barne. Patxada handiz eta adorez, Mossoen etorreraren zain zeuden. Tartean, CUPeko pisu indartsu batzuk zeuden (Carles Riera adibidez). Mossoek banan-banan altxarazi zituzten, hainbat kasutan indarkeria erabiliz. Polizia hesiaren beste aldean, dozenaka pertsona zeuden, babesa emateko gelditu zirenak eta harresitik ateratzen zituztenak bereziki. Riera eraman ostean, amaiera eman zitzaion ekintzari.

Kontraste biziz beteriko momentua izan zen. Esan bezala, ez zen pertsona kopuru oso handia bildu. Baina, kopurua txikia izan arren, borrokarako grina nabaria zen bertan. Bestalde, nahikoa zen harresia burutu zen espaziotik segundo batzuk irtetea, gertaera ura berezia, akaso irrealtasun gradu altu bat zeukan fenomeno bat zela ikusteko. Mossoek ia geldialdirik burutu gabe “martirrak” ateratzen zituzten bitartean, inguruko kafetegi, taberna, denda eta kaleetan eguneroko atmosfera bizi zitekeen, inongo asaldurarik gabea, hirietan ikus daitekeen pertsonen joan etorri hotz horrez apaindua.

Kaleak aktibatzea beharrezkoa da prozesua hauspotzeko. Askatasuna eta eredu sozio-ekonomiko berri bat eraikitzeko marko berri bat ez dira zerutik erortzen. Eguneroko lan jarraitua behar da. Pausoz pauso, baina etenik gabe egin behar dena, hain zuzen ere. Independentziaren aldeko alde erradikala indartzen ez bada, eta honek “mehatxu” sinesgarria gisa jokatzeko aukerarik ez badu, prozesua itzali egingo da. Eta prozesua itzatzen bada, etorkizun berri bat eraikitzeko aukera paregabea galduko da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide