"La sécurité" made in France

Erabiltzailearen aurpegia Oier Zeberio Maiztegi 2019ko abu. 27a, 17:05

Abuztuaren 24an hasi zen G7ko goi bilera. Aste batzuk lehenago, jakina zen mundu mailako zazpi herrialde boteretsuenak bilduko zituen gailurraren segurtasuna bermatzeko ezarriko ziren neurriak gogorrak izan izango zirela. Hedabideen eta ahoz ahoko komunikazioaren bidez zabaldu zen mezu hori, ordea, txiki geratu zen. Ikusi zena, muturreraino eraman zen salbuespen egoera zen. Orain arte, ehun bat pertsona atxilotu dituzte eta identifikatuen kopurua oso altua da. 

Ondorengo lerroetan, abuztuaren 24an gertaturikoa kontatzen da.

Hendaia-Irun bitartean burutu zen manifestazioa:            

"G7 Ez Plataformak" antolaturiko eta eguerdiko 12ak aldera hasi zen Hendaia-Irun ibilbidea egin zuen manifestazioan, giro lasaia atzeman zen. Goizeko lehen orduetan baziren, ordea, manifestazioan zehar edo ondorengo denbora tartean istiluak egongo zirela uste zutenak. Denbora gutxiren ostean, ordea, garbi geratu zen hizkuntza eta kolore politiko ezberdinez jositako eta aldarrikapena eta festa giroa uztartzen zituen dinamika bakezalea nagusitu zela. Ez zen poliziaren arrastotik (dozenaka agente infiltratu egongo ziren arren). "G7 Ez Plataformak"  eskatu bezala (abuztuaren 23an egon ziren istiluen harira), ez zen inongo ekintza erradikalik eraman aurrera.

Baiona: salbuespen egoera

"G7 Ez Plataformak" Hendaia eta Irun bitartean burutu zuen manifestazioaren tokiko jarraipena egin ostean, Baionarako bideari ekin genion. Baionara heldu bezain pronto, garbi geratu zen hasiera baten egin genituen kalkuluak oso motz geratu zirela. Hirira sartu bezain pronto, polizia frantsesak, gure autoa geratu, kazetari sinestamendua genuela ikusi, NANen erregistroa egin eta geure izenak poliziaren datu basean aurkitzen ez zirela jabetzean, aurrera jarraitzeko baimena eman zigun. Autoarekin Baiona zeharkatzen ari ginela, arratsaldeko lauretan "jaka horidunek" manifestazioa burutzeko asmoa zutela baieztatzen zuen informazioa iritsi zitzaigun. Baiona barnera sartzean, oraindik sumatzen ez genuen zerbait zetorrela ikus zitekeen. Polizia auto eta furgonetak non nahi, egur xaflaz estalitako komertzioak eta hutsik eta bizirik gabe zeuden kaleak ikus zitezkeen. Kaleetan, poliziak geraturiko dozenaka oinezko zeuden. Erregistroek eta geldiarazitako pertsonek apaintzen zuten husturiko gune hura. Hiriaren kanpoaldean kokaturiko McDonald's baten barnean, adibidez, poliziaren joan etorria benetan ikaragarria ziren. Bost bat minutuko tartean dozena bat polizia frantses igarotzen ziren barnetik.

Autoa Baiona erdigunetik gertu zegoen auzo batean uzteko erabakia hartu genuen. Autotik jaistean, gertaerak erregistratzeko eraman genuen ekipoa hustu genuen. Denbora gutxiren ostean, gure ondotik poliziaren hamabi bat motozikleta pasa ziren. Une batetik bestera, hamabi motozikletak (hogeita lau bat agente) gure alboan geratu ziren. Prentsa txartelak eta NANak eskatu zizkiguten eta dokumentuen "segurtasun" azterketa burutzeari ekin zioten. Istiluen aurkako arropa zeramaten hogeita lau agentez inguratuta (batzuk armatuta zeuden) geunden, inongo bizitza zantzurik atzematen ez zen kale hartan. Dokumentuak, gainean generaman ekipoa eta autoa erregistratu ostean, aurrera jarraitzeko baimena eman ziguten. Hurrengo orduan zehar, antzeko lau bat kontrol pasa behar izan genituen.

Amiral Lespes moila eta Victor Hugo kalea elkartzen diren gunean, beste lau kazetarirekin elkartu ginen. Kazetari hauek beraien profesio lagun bat atxilotu berri zutela esan ziguten. Metro batzuk aurrera egitean, poliziak, ordu arteko erregistro gogorrena burutu zigun (bideoa ahotsa.info portalean ikus daiteke). Gainerako kasuetan jarraituriko prozedura aplikatzeaz gain, gas negargarriarengatik babesteko (poliziaren hainbat auto gas jaurtigaiez beterik zeudela ikus zitekeen) genituen betaurrekoak kendu zizkiguten (bati, gas maskara). "Legediaren arabera, manifestazioak jarraitzeko betaurrekoak eramatea debekatua zegoela" esan ziguten. Helburua, noski, oso bestelakoa zen: gure lana eta adierazpen askatasuna ahalik eta gehien mugatzea. 

Baiona: istiluen nondik norakoak.

Arratsaldeko 18:00ak aldera, Baionako herriko etxearen aurrean ehunka pertsona bildu zituen manifestazioa hasi zen. Ordu erdi bat lehenago, polizia, Baiona Ttipiko zubiak blokeatzen ari zirela zabaldu zen. Baionako kaleetan atmosfera berezia hauteman zitekeen. Bortizkeriaren agerpena geroz eta posibleago zen, baina, non eta ze formetan emango zen misterio bat zen.

Manifestazioak bere bidea jarraitzeari ekin zion. Irun-Hendaia bidea burutu zuen manifestazioarekin alderaturik, giroa oso ezberdina zen. Aldarrikapen gehienek kapitalismoaren aurkako mezuak igortzen zituzten. Hauek hizkuntza ezberdinetan egiten ziren (italieraz adibidez), frantsesa nagusitzen zen arren. "Black Blockeko" kide asko ikus zitezkeen. Adin eta perfil oso ezberdinetan pertsonak zeuden. Noizbehinka, polizia frantsesaren eta manifestarien arteko tentsio momentuak sortzen ziren. Hauek, ordea, hasierako une horietan oso eskala txikikoak ziren.

Manifestazioa Boufflers eta Saint-Esprint Zubia elkartzen diren gunera iritsi zen. Polizia frantziarrak zubia itxi zuen. Manifestariak polizia lerroaren aurrean kontzentratu ziren, hamar edo hamabost bat metroko distantziara. Une horretan, aldarrikapenen intentsitatea igo egin zen. Minutu batzuk beranduago, poliziak ur kanoiak erabiltzeari ekin zion, manifestariek inongo ekintzarik burutu ez zuten arren. Lehen ur-zurrusta, manifestarien aurka zuzendu zen. Bigarrena, zubiaren ezkerraldean kokaturik zeuden kazetarien aurka. Hamar bat minutu beranduago poliziak negar gasak eta pilota balak jaurti zituen. Negar gasen lehen jaurtiketa zubiaren eskuinaldera zuzendu zen, kazetariak biltzen ziren gunera. Negar gasek, neurri batean, bertan bilduriko pertsonak dispertsatu zituzten. Jaurtiketa honen ondoren, beste gas jaurtiketa bat burutu zen Fréderic Bastiat kalean (kale paraleloa). Manifestari batzuk, Boufflers eta Capitaine Resplandy etorbidea elkartzen diren gunen bildu ziren. Segundo gutxiren ostean, gomazko hainbat bala jaurti zituen poliziak.

Hainbat manifestarik aurrera jarraitu zuten, manifestazio zutabea berriz eratuz. Pertsona asko, ordea, Baiona Ttipiko kaleetan dispertsatu ziren. Zubiak blokatuta zeudenez, ezinezkoa zen bertatik irtetea. Arratsaldeko 19:00ak aldera, Augustin Chaho kalean kokaturiko zubietan istiluak izan ziren berriz. Poliziak negar gasak eta gomazko pilotak erabili zituen, geratzen ziren azken manifestariak dispertsatzeko. Une honetatik aurrera, gunean bizi zen tentsio egoerak nabarmen egin zuen behera. Poliki-poliki zubietan zeuden kontrol postuak pasoa baimentzen hasi ziren, eta hainbat orduz harrapaturik egon ziren pertsonek bertatik ateratzeko aukera izan zuten.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide