Espainiako Estatua, tsunamien arriskupean

Erabiltzailearen aurpegia Oier Zeberio Maiztegi 2021ko eka. 22a, 06:00

Azken urteetan, mundu mailan, itsas azpiko lurrikarek sorturiko hainbat tsunami erregistratu dira, baina Estatuan ohiko fenomenoak ez direnez, biztanleriaren gehiengoak ez du tsunami arriskua arrisku erreal gisa pertzibitzen. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. 1755eko azaroaren 1ean, 8.5 magnitudeko  itsas azpiko “Lisboako lurrikara” bezala ezagututakoak, tsunami hilgarri bat sortu zuen. Tsunami hark Huelva eta Cadiz gogor kolpatu zituen. 1.000 pertsonak bizitzak galdu zituzten Ayamonten, iturri batzuen esanetan. Cadizen olatuek hiriko harresiak txikitu zituzten eta itsasoak hiria hiru aldiz kolpatu zuen, eta biktima asko eragin zituen. Conil suntsituta geratu zen, eta Sanlucar de Barramedak, el Puerto de Santa Mariak eta Jerez de la Fronterak biktimak eta kalteak jasan zituzten.

Lurrikaren Sare Nazionaleko Juan Vicente Cantavellaren esanetan, izaera honetako tsunamiak ez dira gertaera bakanak Espainiako Estatuko kosta atlantikoan. Milaka urte lehenago izandako antzeko tsunamien arrastoak bilatu dituzte hainbat ikerketa geologikok. Horiek, dokumentu historikoetan agertzen ez diren arren, beraien arrastoa utzi dute hondartzetan eta itsasotik gertu dauden eremuetan, hala nola, itsas hondoan. Estatuaren hego mendebaldeko kosta kolpatu duten hainbat tsunami txikiago erregistratu dira ondoren. Horiek 1761, 1969 eta 1975ean izan ziren.

Bestalde, Mediterraneo itsasoan ere izan dira tsunamiak, Cantavellaren esanetan. Horiek Estatuaren hego-ekialdeko kostak eta Balear Uharteak kolpatu dituzte. Aljeriako kostatik gertu eta Alboran itsasoan gertaturiko lurrikaren eraginez, Estatuko eremu horiek tsunami txikiak jasan dituzte jarraikortasunarekin. 1856, 1954, 1980 eta 2003an tsunami moderatuak izan ziren, aztarnen arabera. 2003ko tsunamia Aljeriako kostan izandako 6.8 magnitudeko lurrikara batek sortu zuen. Tsunamiak Balear Uharteak kolpatu zituen, metroko garaiera gainditzen zuten olatuekin, eta kalte material handiak eragin zituen portuetan amarratutako ontzietan, Mahonen bereziki. Gertaera hori Mediterraneoko kostako mareografoek erregistratu zuten.

Geografia Institutu Nazionalaren arabera, tsunamiak Espainiako Estatuko 36 kosta zatientzat arriskutsuak dira, baina arriskua gune guztietan ez da berdina. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu berri den “Itsasikaren Arriskuaren Aurreko Babes Zibileko Estatu Planaren” arabera, zazpi autonomia erkidego eta bi hiri autonomori daude “Lurrikara Sare Nazionaleko itsasikara abisuentzako definituriko kosta eremuak” kategoriapean: Andaluzia da kosta eremu gehien dituena, 9 ditu guztira; ondoren, Kanariar Uharteak egongo lirateke, 7 eremurekin; hirugarren tokian Galizia, 4 eremurekin;  Katalunian, Valentziako Erkidegoan eta Balear Uharteetan 3 eremu daude; Asturiasen, 2; eta EAEn, Kantabrian, Murtzian, Ceutan eta Melillan, 1.

Estatu Planaren arabera, arrisku gune nagusiak mendebaldeko kosta andaluziarrean eta Kanariar Uharteetan daude, 8 metroko garaiera gaindi dezaketen olatuak izan daitezke eta bertan. Bi kasuetan altuerarik handienak Marqués de Pombal eta Horseshoe failetan gertaturiko tsunamiei loturik egongo lirateke. Olatuak gutxi gorabehera 55 minutuan iritsiko lirateke Andaluziako kostara eta ordubete baino geroago Kanariar Uharteetara. Aipatutako kosta andaluziarreko eremuan magnitude txikiagoko tsunamiak izan daitezke, baina iritsiera denbora 30 minutukoa izango litzateke, gutxi gorabehera. Andaluziako kosta mediterraneoan altuerarik handienak eragin leitzakeen itsas azpiko lurrikara Hegoaldeko Alboran failan gertatuko litzateke eta 5 metroko garaierako olatuak eragingo lituzke Malagan eta Melillan. Olatuak 20 minutuan iritsiko lirateke, gutxi gorabehera, kostara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide