Ez dakit nik zertan dabiltzan Baleikekoak: iritzi tinkoak, are sutsuak dituen jendez betetako herrian, iritzi zutabe bat idaztea nori proposatuko eta zalantzati honi? Kulturari buruz, gainera?
Egia esan, ez dut galdetu nolatan proposatu didaten. Kultur arloan lan egiteak emango zizkidan puntu batzuk, zumaiarra ez izateak kanpoko begirada baten ilusioa, ikusi izan naute kontzertuetan, edo pelikula korearretan, baina aitor dezagun, errurik handiena antiojoek eta ile zuriak izango zuten. Ez al naiz, ba, kulturzalearen prototipoa? Bidaia batean jabetu nintzen, Toulousen. Joan nintzen filmotekara, klasikoren bat ikustera, eta aretoan denak nire bikiak! Emakume betaurrekodun ile zuriak ginen ia guztiak! Hori, beraz, film klasikoekin gozatzen dugunon espektroa. Irakurzaleak ere halakoxeak omen gara, neurri handi batean. Eta antzerkira goazenak. Hori bai: ilea gorriz tindatzen dutenen aldaerakoak gehiago, gurean hori izan baita espezie nagusia, oraintsu arte.
Prototipoa bete-betean ematen dut, beraz; baina, hortxe koxka, azkenaldian ez ote den irudia gehiago mamia baino. Jabetuta bainago ez naizela lehen bezainbat sartzen liburuetan, kostatzen zaidala aurrera egitea. Liburu mehe-meheak erosten hasi naizela, liburu amaitu berria ixteak ematen duen gustu horri behintzat eusteko. Zuzendari baten izena entzun eta ez naizela gai haren azken 3 pelikulak botatzeko, ez baititut ikusi, ez baitut ikusteko bulkada hori sentitu. Eta kezkatzen nau. Ez dakidalako esaten zein plazer berrik hartu duen gozamen horien tokia. Errezeloa baitut ez diela plazer berri batek kendu tokia, ezpada presak, denbora alferrik galtzeko beldurrak eta arreta hamaika kontu hutsaletan sakabanatzeko joerak; egiaz merezi duten kontuetan arreta ainguratu ezinak. Eta ez dakit, ez nago seguru, ez nuke jakingo esaten, baina susmoa daukat horretan tamalez bai, zeharo normala naizela.