Santiagoko baserrian erromeria

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2015ko uzt. 22a, 10:31

Santiago eguna gainean dugula eta, orain dela 130 urte Santiago baserrian ospatu zen erromeriaren pintzelkada batzuk...

Urtero egiten zen bezala, 1885eko uztailaren 25ean, erromeri bikain eta alaia ospatu zen. Santiago hondartzaren muturrean eta Getariarako errepide berriaren ertzean, hondartza aldetik, kokatua zegoen Santiagoko baserrian.

Jendetza ugaria bildu zen bertan, eta ez zumaiarrak bakarrik, baita Getaria eta Zarauztik etorritakoak ere, horietako batzuk kotxe eta guzti.

Zumaiako txistulariak eta txarangak girotu zuten festa, Antonio Trueba zumaiar musikari ospetsuaren zuzendaritzapean.

Horrelako erromeritan ohikoa zen bezala, esku dantza dantzatu zen, eta bi getariarrek ezin hobeto dantzatu zituzten aurreskua eta atzeskua.

Aipatutako Santiagoko baserria, Karakas baserritik datorren bidearen parean zegoen, gutxi gorabehera, eta errepidearen beste aldetik, Zuloaga margolariak hogeitabost urte beranduago erosi zituen lursailetan.

Getariatik Zumaiarako errepidea Isabel II erreginak inauguratu zuen 1884ko abuztuan, naiz eta artean Zubi Haundia bukatu gabe zegoen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide