Oso gertakari bitxia Itzurungo hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2015ko aza. 11a, 08:51

Orain dela 255 urte gertakari bitxi batekin eman zioten hasera egunari Zumaiako biztanleek. Enkailatuta zeuden arrain harrigarri ugari ikus zitezken Itzurungo hondartzan.

1760ko ekainaren 9ko egunsentia zen, 213 arrain harrigarri agertu zirenekoa Zumaiako Itzurun hondartzan. Orkak ziruditen, Zumaian “moskote” deitzen omen zioten. 18tik 20 oineko luzera zuten; 9 oineko zirkunferentzia; 40 hortz, konkor moduko bat bizkarrean, burutik buztanetik baino gertuago; bi aleta alde bakoitzean, burutik kana batera. 50 edo 60 ez beste arraign denak emeak ziren. Arrainak hondartuta geratu ziren ur ertzean.

Hurrengo egunean, uretan, ur ertzetik oso gertu, espezie bereko beste 80 bat arrain begiztatu ziren. Baina, hondartzara hurreratzean hainbat gizon joan eta sokakin buztanetik lotu eta lehorreratzen saiatu ziren.

Arrain guzti horiekin 1.300 arroa olio baino gehiago atera zituzten, eta jateko zaporetsua zen beste 1.200 arroa haragi ere bai.

Arrain horien izenaren gainean zenbait aburu bota zituen informazioaren egileak, eta berak zioenez, Galizian erabiltzen zuten izena “candorca” edo “alcandorca” omen zen eta Zumaian, “moskote”. Dena den, orken familikoak izan behar zuten.

Gertera horren arrazoiak bilatu nahian, berriz, zioen ekainaren inguruan Islandiako kostako orkak itsutu egiten zirela gaitz batek jota, eta agian horregatik, Atlantiko itsasora migratzerakoan gaixotu eta 300 arrain inguruko talde hura, kostaldera arrimatu zela eta nola itsuturik egongo ziren, ur handitan zebiltzelakoan, itsasgoran Zumaiara hurreratu zirela eta itsasbeheran flotatzeko ur gutxirekin aurkitu zirenean lehorrean ondoa jota geratu zirela.

Aipaturiko informazioa Martin Sarmiento (Villafranca del Bierzo, 1695 – Madrid, 1772), benediktarrak, Medina Sidoniako Dukeari idatzitako gutunetako batetik dago hartua. Biak ilustratuak, lagunak ziren eta dukea, benediktarraren babeslea eta mezenasa ere izan zen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide