Oikiako dotrinak

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2017ko ots. 21a, 10:30

XVI-XVIII. mendetan hasi zen bidea egiten euskal literatura eta elizgizonak izan ziren aitzindari. Leizarraga, Etxepare eta Axularrek markatutako ildoa jarraituz. Orokorrean, erlijioa irakasteko helburuarekin idazten zuten eta hemen gertuan ere izan genuen horietako apaiz bat. Oikiako erretore zen Francisco Antonio Aguirre Gabiria, eta berak euskaraz idatzitako dotrinak aipatu nahi nituzke. Euskara idatziaren arloan harri bitxiak direla iruditzen zait eta merezi duela berri ematea.

Francisco Antonio Aguirre Gabiria, Oikiako erretore izan zen 1759ko maiatzetik 1805eko uztailean bertan hil zen arte. Eskoriatzako Marin auzoan jaioa 1728an eta Oikiara etorri aurretik Aian egon zen erretorearen laguntzaile bezala.

Orain dela hamar bat urterarte, Francisco Antonio Aguirrek, Oikiako haurrentzat egina eta Julio Urkixok Bidanian aurkitu zuen Oikiako dotrina (1759) ezagutzen zen soilik, Koro Segurolak, Lazkaoko beneditarren monasterioko Euskal Liburutegian, autore berak egindako bigarren dotrina bat aurkitu zuen arte, Christau-ac Ezaguera arrazoizcora elduezquero Sinistu Jaquin, ta Eguin beardituan gaucen jaquin videa izenburutzat daramana.

Hemen lehenengoaren izenburua:

 

Christavaren Doctrina Aita Astete, ta bestte jaquinsu batzuetatic, bere contuco aurrenzat, ateraa, ta componduzuena, (aide artaco ondo cequitenen usariora) Oyquiaco Valleco Vicario Dn Franco Antonio Aguirrec. 1759n urtean.

Eta hau bigarrenarena:

 

Christau-ac Ezaguera arrazoizcora elduezquero. Sinistu Jaquin, ta Eguin beardituan gaucen jaquin videa.

D.n Francisco Antonio Aguirre, Oquiaco Vicarioac atera-a, ta compondua bere contura dauzcan Animen Oneraco.

Escaintcendio Jaincoaren Ama Aingueruen Erreguina becatarien Zaizalle Maria Santissimaren lenengo Izatearen Jatorrizco becatu gabeco sorce miragarriari.

Baina, Koro Segurolak (Euskal Filologian lizentziaduna eta Euskaltzain urgazlea) egindako ikerlan sakon eta bikainari esker dakigu, Julio Urkixok aurkitutako Oikiako dotrina (1759), gutxienez 1784an idatzia dela eta 1759ko azken sei hilabetetan egindakoaren originaletik kopiatua izan litekela.

Lazkaoko beneditarren monasterioan aurkitutako testua, berriz, Segurolaren ikerlanak ondorioztatzen duenez, gutxienez 1774an idatzitakoa da, eta 1784koa (1759) baino sei aldiz luzeagoa da, letra handiagoarekin idatzia eta atal batzuk luzeagoak dituelako. Gainera, azken honen testua txukun idatzia ikusten den bezala, 1774koa zabarragoa ikusten da eta ez hain ondo taxutua.

Francisco Antonio Aguirreren heriotzaren berri Oikiako elizan heriotza agiriak jasotzen diren liburuan ageri da:

El dia veinte y siete de julio de mil ochocientos y cinco murió en la Casa Vicarial de Oiquina, de edad de setenta y siete años cumplidos, (habiendo recibido la Santa Unción) Don Francisco Antonio de Aguirre, Vicario de esta parroquia: su cuerpo se enterró dia veinte y ocho en esta parroquia de Oiquina: testó ante Antonio Franco de Echeverria escribano numeral de la villa de Zumaya y en fé de todo firmé como servidor de dicha Yglesia. Fr. Jose Antonio de Ezeiza.

Informazio gehiago nahi duenak sar daiteke ondorengo esteketan:

http://lapurdum.revues.org/2466 Koro Segurola “Oikiako Dotrinak : F. Antonio Agirre Gabiria (Marin 1728 - Oikia 1805)”

http://www.ehu.eus/ojs/index.php/ASJU/article/view/7857 Joseba Andoni Lakarra “Oikiako Dotrina (1759)”

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide