Zumaiako historiari buruz egin diren lan batzuek aztertu eta Sasiolako fraileen Sindika etxearekin zer ikusia izan dezaketen bi arrasto aurkitu ditut. Bata, Axentxio Elustondok, Zumaiaren 650. urtemugan eman zuen itzaldian azaldu zuena, 1610 inguruan Zumaiako bikario zen Baltasar Narruondok egindako biztanleen erroldan agertzen den “Fraileen etxea”. Eta bestea, Lourdes Odriozolak “Zumaiaren historia“ liburu mardulean, egiten duen aipamena. Bertan dio 1593an Hirukoiztarren (trinitarioen) erlijio elkarteak Orion zuen komentua ez zela egokia eta, Zumaiako kotzejuak eta eliz agintariek bertara ekartzea erabaki zutela, baina oriotarrak eta Sasiolako frantziskotar komentukoek aurka agertu zirela. Frantziskotarrak argudiatu zuten kalte ekonomikoak izango zituztela, limosnaren bidez jasotzen zuten laguntza kenduko zietelako eta, azkenean, Orion jarraitu zuten Hirukoiztarrak
Baina, arrasto horiei eutsi eta aberazteko beste erreferentzi ugari aurkitu ditugu. Zaharrena, 1584ko abenduaren 30ko ezkontza-kontratu batean agertzen dena da. Bertan aipatzen da Odieta errebalean zegoen Sasiolako komentuko fraileen etxea. Esan behar da Sasiolako komentua 1503an sortua zela, Deba eta Mendaro tartean dagoen izen bereko parajean.
1742ko beste dokumentu batean aipatzen da San Joseph (Jose) auzoan, Tolaretakoa eta Azkue izeneko etxeen ondoan zegoen Sasiolako aita frantziskotarren Sindika etxea. San Joseph edo Odieta bezala ezagutzen zen Torreatekotik kanpo zegoen auzoa. Frantziskotarrak eskeko ordena izanik, sindikoak izendatzen zituzten limosna biltzeko eta Sindika, berriz, sindikoaren etxebizitza zen.
Baina, urte batzuk geroago Sindika lekuz aldatu zuten. 1760an, gaur egun Foruen Enparantza edo Goiko Plaza dagoen horretan zegoen frontoiari buruzko dokumentu batean azaltzen da, hiribilduko harresiaren barne aldean zegoela “casa llamada Albisucoa y Hospicio de los Religiosos observantes de nuestro seráfico Padre San Francisco de Sasiola”, Torrebarrungoa, Egañakoa eta Amezketakoa etxeen inguruan. Zumaiako udal artxiboan topatu dugu, ustekabean, hori dioen dokumentua.
Aurrekoa baieztatzen duen informazioa aurkitu dugu Zarauzko aita frantziskotarren artxiboko dokumentu bateko bi urtetako aipuetan. Bata, 1761koa “Inventario de la ropa que hay en la Casa Sindical del convento de Sasiola, sita en Zumaya”. Inbentarioa egitearen arrazoia, sindiko kargua hartu zuen emakume bat zihoalako bizitzera etxe hartara “Maria Murua, muger de Matheo Azcue que ha pasado a vivir en dicha casa”.
Bigarren aipamena, berriz, 1766koa da, “Vicario Antonio Echave, Síndico del convento de Sasiola entregó la ropa contenida en este papel a Theresa Albisu, Síndica nueva que vive en la casa de Albisucoa y que hoy es la Sindical de la permuta que han hecho con las Monjas Carmelitas Descalzas de esta villa”. Horrek bat egiten du 1760ko informazio harekin eta ondorioztatu daiteke Albisukoa etxean zegoela fraileen Sindika etxea.
Frantziskotarren artxiboan beste hau ere ikus daiteke: “Hospicio de Zumaya. Igual casa para hospedería y alvergue de frailes hay en Zumaya”. Mutriku eta Azpeitiko hospizioak bezalakoa zela esan nahi du. Sindikoaren etxea izateaz gain, fraileentzako ostatu bezala erabiltzen zen nonbait. Besteak beste, sermoiak egitera etortzen ziren Sasiolako fraileak garizuma garaian, eta hospizio etxean izango zuten ostatua.
1849ko ekainaren 30eko salmenta eskriturak dionez, Arrua-kalean zeuden Beduakoa izenekoa (1782rako bazen izen horretako etxea), eta Frantzisko Urkiola eta Jose Balenziagaren etxeen ondoan zegoen ”Frailienekoa” edo “Frailetakoa” izeneko etxea saldua izan zen. Saltzailea, Jose Ignazio Iturriaga, Bermeoko auzotarra zen eta eroslea Jose Arrizabalaga, zumaiarra. Ez dakigu noiztik zen etxe hori bermeotarrarena, agian 1836ko desamortizazioaren ondorioz. Dirudienez, 1584an zegoen Sindika etxea zen.
____________
Oharrak:
Sasiolako komentu ohia, Debako udalerrian, Mendarorako bidean, dago errepidea eta ibaiaren artean. 1503an Juan Pérez de Licona "Balento" ezizeneko ondarrutarra eta bere emazte María Ibáñez de Sasiolak, leku hartan zeuden haien jabegoko Sasiolako ontziola eta inguruko lursailak, San Frantziskoren ordenari ematea erabakj zuten, komentu bat egin zezaten. 1839ra arte iraun zuen.
Debako Sasiola familiko adar bat Zumaian ezarria zen XV. mendean. Jofre Ibañez de Sasiola, Maria Lopez de Areiztirekin ezkondua, Kaleberrian, gaur egungo Mari kalean dago oraindik haren etxea. Gainera 1504an parrokiko San Anton kapera egin zuen. Hark izan ote zuen zer ikusirik berraipatutako Sasiolako fraileak Zumaian etxea izatearekin?