Manuel Arriolak anai bat zuen, Matias izenekoa, baina gutxi dakigu bere berri. 1589 eta 1607 artean Zumaiako eskribaua izan zen eta 1608ko urrian zendu zen. Margarita Plaza zuen emaztea eta bi alaba izan zituzten, Mariana eta Katalina.
Deigarria egin zaigu, lehengo egunean aipaturiko Lorenza Arriolak “berorren majestateari” 1618ko martxoaren 16an zuzendutako gutun batean zioena: “como V.M. sabe ha tantos años que murió el dichoso de Matias Arriola mi hermano y nunca he tenido ventura de hacer sus obsequias (hiletak), las cuales quería hacerlas antes que el señor Veedor (Manuel Arriola) venga…”. Horretarako, zortzi liberako kreditu bat emateko eskaera luzatzen dio, esanaz bere anai Manuelek ordainduko duela etortzen denean.[1]
Manuel Arriola Zaragozan hil zen 1623ko abenduan eta bere iloba Katalina Arriola Plaza izendatu zuen bere ondasun guztien oinordeko unibertsal.[2] Honen ahizpa Mariana gazterik sartua zen Zumaiako karmeldar oinutsen (mojaxarren) komentuan.
Katalina Arriola, Esteban Etxaniz aiarrarekin ezkondu zen. Hau, Domingo Etxaniz, Aiako eskribauaren semea zen, baina ez dakigu nor izan zuen ama. Domingo Etxanizen emaztea Katalina Plaza zen, lehen aipatutako Margaritaren ahizpa. Haiek ezkontzerakoan Katalina Arriolaren gurasoak hilik zirelarik, 1624ko apirilaren 14an egin zuten ezkontza-hitzarmenaz baliaturik, Estebanen gurasoak Arriola-Etxaniz maiorazkoa edo lotura sortu zuten.[3]
Katalina Plaza, Domingo Etxanizen emazteak, bere ama Maria Perez Amilibiari heredatuta Zumaian zituen ondasunekin sortu zuten maiorazkoa. Horien artean Antequera (Andika) baserria, Zumaiako parrokian zuen hilobiarekin eta Santa Klara eta Narrondo inguruko sagasti, gaztainadi, mahasti eta lurrekin.[4] Geroago, Katalina Arriolak gehitu zizkion osaba Manuelengandik heredatu zituen ondasunak, tartean “la casa Arriola, alias, Torreberria” eta Debako Elorriaga auzoko Pagoeta baserria; baita ere, Zubiaurre auzuneko Ana Perez Etxanizen etxea; Itzurun eta Iparragirre inguruko mahastiak; Jadarrekoa izeneko etxea bere mahastiarekin; Eizagirre auzoko Juan de Orioena izeneko etxea, eta Ba(r)zusta eta Narrondoko beste lursailak eta mendia.[5]
Esan behar da, Estebanen gurasoak, 1614ean Zumaian sortu zen mojaxarren komentuarentzako laguntza asko emandakoak zirela lehenengo urteetan. Eta baita ere Katalina Arriolaren gurasoak.[6]
Esteban Etxaniz, Katalina Arriolaren senarra, aiarra zen, 1602an jaioa eta, izan zuen ibilbideagatik, atal berezi bat merezi du. Bizitzaren ia erdia itsasoan pasa zuen, sei urte presondegietan, gerra-kontseilu bat ere jasan zuen eta Madrilen hil eta hobiratua izan zen. Zumaiako alkate ere izan 1630. urtean. Beste batean aztertuko dugu bere historia.
Estebanek eta Katalinak bost seme-alaba izan zituzten. Horietatik bi, Pedro eta Ignazia, umetan hil ziren. Antonia mojaxarren komentuan sartu zen 18 urterekin. Domingoren berririk ez dugu eta Maria ezkondu egin zen, ondoren ikusiko dugun bezala. Katalina Arriola 1666an alargundu zen eta 1678an Zumaiako mojaxarren komentuan sartu zen, abitu sekularrarekin, profesatu gabe, bizitzeko. Han hil zen bost urte beranduago, 85 urte zituela.[7]
Esteban Etxaniz eta Katalina Arriolaren oinordekotzat, Maria geratu zen maiorazkoaren jabe. Azkoitiko Idiakeztar familiako Kristobal Idiakezekin ezkondu zen eta haun alaba, Maria Teresa Idiakez Etxaniz, Juan Ortiz de Zarate Murgiarekin ezkondu zen. Gizon hau Argentinako San Salvador de Jujuin jaio zen, eta bere amonarengandik Astigarragako Murgia eta Amezketako Argañaraz dorretxeak heredatu zituenean, Euskal Herrira itzuli zen 1670ean. Handik bost urtera Zumaiako San Pedro elizan ezkondu zen, 1675eko apirilaren 28an, Maria Teresa Idiakezekin, eta Torreberria dorretxean jarri ziren bizitzen.[8] Juan ere, Zumaiako alkate izan zen 1677an.
Maiorazkoaren ondorengo jabeak, Baleike aldizkariaren 2009ko azaroko alean Inazio Tolosaren, artikuluan ikus daitezke. Azkenengoa, Maria Pilar Olazabal izan zen, eta bere dama laguntzailea zen Juana Maria Urrutiari utzi zion Torreberria etxea 1856an. Haren ondorengoek jabetza trukaketa bat eginaz, Bernarda Leturiondo azkoitiarraren esku geratu zen Torreberria. Emakume azkoitiarra, Jose Agustin Arbillaga, mediku eta enpresa gizon zumaiarrarekin ezkondu zen, eta Torreberria, horien alaba Josefaren esku geratu zen. Hau, Bitoriano Zelaia, ingeniari ondarrutarrarekin ezkondu zen eta bere alaba Miren Bernarte izan zen Zumaiako Herri Batzokia elkarteari Torreberria saldu ziona 1979an, ordurako nahikoa hondaturik zegoela.
Azkenik, 1993. urtean, Udalaren esku geratu zen eta berreraikitze lanak eginda, Torreberria zaharraren armarria, harri batzuk eta izena gorde dira bederen. 2009a ezkeroztik, Torreberri Gaztetxe bilakatu da.
[1] Lorenza Arriolaren gutuna. Euskaltzaindiaren artxiboa. Juan Carlos Guerraren bilduma
[2] Declaración jurada de Catalina Arriola, 1682-09-18. Archivo de la casa de Murguia. Dokuklik
[3] Esteban Etxaniz eta Katalina Arriolaren ezkontza kontratua. GPAH 2-3350
[4] Declaración jurada de Catalina Arriola, 1682-09-18. Archivo de la casa de Murguia. Dokuklik
[5] Idem.
[6] Javier Carballo. Karmeldar Oinutsen San Jose komentua. Zumaiako Udala. 2008
[7] Declaración jurada de Catalina Arriola, 1682-09-18. Archivo de la casa de Murguia. Dokuklik
[8] Antonio Gaytán de Ayala Artazcoz.1934. Parientes mayores de Guipúzcoa: señores del palacio casa-fuerte de Murguía en Astigarraga. Revista Internacional de los Estudios Vascos