Juanita Larando eta Zumaia

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2022ko uzt. 8a, 12:21

Juanitaren ostatuko irudia, Bertan bildumatik hartua

Asteburuan Zumaian izango dugun 'Juanita Larando' izeneko patatxaren harira, izen hori izan zuen andre donostiarrak eta Esteban Etxaniz zumaiarrak izan zuten harremanaren aipamena.

Juanita Larando, XVII. mendean, Donostiako alde zaharrean ostatu bat zuen emakume alarguna zen eta jatorri ezberdinetako kortsarioak zituen bezeroak. Kontuan izan behar da, garai hartan, Donostia kortsarioen habi bihurtua zegoela, Iberiar Penintsulan parekorik ez zuena. Baina, ostalaritza jardueraz gain, kortsoko negozioetan ere parte hartzen zuen ontzi-armadore bezala.

1627ko martxoaren 9an, Esteban Etxaniz eta bere emazte Katalina Arriolak, Zumaiako 'Kantera' parajeko mendian zeuden haritzondoen erosketa egin zuten eta bost hilabete geroago Frantzisko Uzkanga itziartar ontzigileari eman zizkioten itsasontzi bat egiteko.

Ontziak, patatxa motakoa, San Esteban izango zuen izena eta Juana Larando bazkidea zen, hornikuntzaren ardura bere gain hartuz. 1629ko ekainean atera zen ontzia Zumaiako kaiatik, Esteban Etxaniz kortsarioa kapitaina zela. Irailean itzuli zen eta eskuratutako harrapakinen banaketa egin zuten.

Ondoren, Esteban Etxanizek urtebeteko atsedenaldia hartu zuen kortsoko lanetan, 1630. urterako Zumaiako alkate izendatua izan zenean. Gero, berriro kortsoaren munduan jarraitu zuen.

2020-08-26an Baleikeren “Komunitatea” atalean idatzi nuen 'Esteban Etxaniz kapitaina, kortsario zumaiarra (1) lantxoan ikus daitezke gauza gehiago esteka honetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide