Euskal Liga jokatuko du Zarazpe Pulpok

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2015ko ots. 2a, 16:24

Euskal Ligara sailkatzeko ligaxkako hiru partidak irabazi dituzte Lubakin kadete mailako neskek, eta aurrerantzean Euskal Liga izango dute jokoan.

Ostiralean Bizkaiko txapeldun Basauriren aurka partida zaila izan zuen Pulpok. Zazpi goleko errenta ere lortu zuten, bana Basaurik aldea murriztu zuen bigarren zatian, eta azken txanpara asko estutu zen markagailua. 27-26 zirela, Sara Torrikok lortu zuen partidako azken gola, norgehiagoka 28-26 amaitu zelarik.

Larunbatean ez zuten arazorik izan Legazpiri irabazteko, 31-20, eta bi puntu haiekin Euskal Ligarako sailkapena lortu zuten, Barakaldoko Zuazok ere bi partidak irabazi zituelako –lehen biak sailkatzen dira–. Horrela, azken jardunaldian, ligaxkako lehen postua zuten jokoan Pulpok eta Zuazok. Bizkaitarrak aurretik izan ziren ia partida osoan, baina zumaiarrek ez zuten amore eman. Defentsa aldatzea erabaki, Barakaldok pare bat baloi galdu erasoan, eta partidari buelta eman zioten azken txanpan. Azkenean, 27-26 irabazle Pulpo.

Aurrerantzean, beraz, Euskal Liga jokatuko du Zarazpe Pulpok. Bi multzo egongo dira, eta Pulpok Zarautz, Bera Bera eta Errotaberri izango ditu aurkari. Bi itzuli jokatuko dituzte, eta multzo bakoitzeko lehen biak sailkatuko dira lauko finalerako.

Bestalde, Lehen Mailako mutilek 22-23 irabazi zuten Egian, eta sailkapenean zazpigarren postuan daude, 21 punturekin. Hurrengo asteburuan Usurbilen aurka jokatuko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide