Emozioz betetako eskubaloi asteburua izango dugu honetakoa. Alde batetik, senior neskek, Eibarren jokatuko duten partida irabaziz gero, Euskal Ligako sailkapena eskutan izango lukete, partida baten faltan. Ez zuten zorte handirik izan Ereintzaren kontrako partidan, eta gisa honetako partidetako urduritasunak, normalean baino akats gehiago egitera eraman zituen. Hala ere, partida lehiatu zuten, eta aste honetako partidarako, indarrez topera jarri dira senior neskak. Eibarren irabaztea lortuko balute, taldeko lider jarriko lirateke, Urnietako taldearen aurkako partidaren faltan. Gure animoak ez zaizkie faltako. Aupa Juanjo Larrañaga harategiko neskak!
Bestalde, Euskadiko lau onenen Final Fourrean sartu dira Creados kadete mutilen taldekoak. Ostiralean Bidasoaren aurka estreinatuko dira eta, larunbatean, Usurbil hartuko dute. Igandean Zarautzen aurka izango dute partida. Euskadiko txapeldun izateaz gain, Espainiako txapelketara begira bi edo hiru plaza izango dira lehian, beraz, motibazio bikoitza izango dute gure mutilek. Aupa Creados Pulpoko mutilak!
Jardunaldia ez da hor bukatuko, eta jubenil mailako bi taldeek Bidasoaren aurkako norgehiagoka izango dute larunbatean: alde batetik, jubenil mutilen Neumaticos Bayona taldeak, Irunen jokatuko du 12:00etan. Gipuzkoako koparen hirugarren jardunaldia izango da. Edu Optikako jubenil neskek, berriz, etxean jokatuko dute, 10:00etan.
Lurraldeko kadete mailako taldeei dagokienez, Zarazpe Pulpo taldeak Bidasoa hartuko du etxean, goizeko 12:00etan. Kalari tabernako neskek, aldiz, Usurbilen kontrako neurketa bikoitza izango dute: larunbat arratsaldean Zumaian, eta igandean goizeko 11:00etan, Usurbilen. Partida bikoitzaren arrazoia, atzeratutako partida berreskuratzea izango da, egutegia eta sailkapena eguneratu ahal izateko.
Etxean nahiz kanpoan, Aupa Pulpo!