Pulpo, Eusko Label

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2023ko urt. 1a, 23:02

Pulpoko 11 jokalari eta entrenatzaile izango dira Euskadirekin CESA Espainiako Autonomien Txapelketan.

Txapelketa oso garrantzitsua izan ohi da Espainiako Autonomien Txapelketa. Urtero jokatzen da urte berriarekin batera, eta datorren astean zientoka jokalari batuko dira Alacant aldean. Han izango da Euskadiko selekzioa, eta bertan ordezkaritza zabala izango du gure klubak: 11 jokalarik jokatuko dute hainbat mailatan, eta entrenatzaile bat ere izango da gurea.

Urtarrilaren 3an hasiko da txapelketa, eta bost egun geroago bukatuko da. Txapelketa herri hauetan jokatuko da: Benidorm, Alacant, Altea, Benissa, Callosa d'en Sarria, L'Alfas del Pi, La Nucia, La Vila Joiosa, Mutxamel, Sant Joan d'Alacant y Sant Vicent del Raspeig.

Zumaiako ordezkaritza osatuko duten jokalariak ondorengo hauek dira: infantil mutiletan, Aritz Korta, Andres Muñoz, Manex Narbaiza eta Uritz Odriozola; infantil nesketan, Axun Gomez; kadete mutiletan, Ian Manterola, Ander Moriana, Danel Udabe eta Ander Zearreta; eta jubenil mutilak Joanes Arrizabalaga eta Jon Ander Iribar izango dira. Entrenatzaile lanetan Eneko Tena doa, jubenil mutilen bigarren entrenatzaile izango baita.

Hamabiko multzo honetan, Iribarrek du esperientzia gehien: hirugarren aldiz ariko da txapelketa honetan. "Oso trinkoa izaten da, egun gutxian partida asko jokatzen direlako". Horren aringarri taldekideak direla dio: "Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin". Aurkari zitalak tokatu zaizkie aurreneko fasean: "Katalunia beste koska batean dago (jokalari batzuek Asobal ligan eta Europan jokatu dute dagoeneko), eta beste bi kontrarioak Andaluzia eta Madril izango ditugu. Partidaz partida goaz".

Tena izango dute aulkian Iribarrek eta Arrizabalagak jubenil mutilen mailan. Aurreneko esperientzia izango da Pulpoko gazte mailako taldeko entrenatzaileak: "Laguntzaile bat behar zuela-eta entrenatzaileak, aukera eman dit, eta baiezkoa eman nik". Tenaren lana izango da aurkarien partidak ikustea, bideoak gainbegiratzea, eta jokalariei erakusteko bideoak egitea. "Ez dut aspertzeko astirik izango. Jendeak uste du denborapasa goazela hara, baina ez da horrela izango".

Adinaren berezko eskailera mailan koska bat behera eginda, kadeteak daude, eta Pulpoko lau kideeen izenean Moriana eta Zearreta aritu dira. Bientzat da lehen aldia txapelketa honetan, eta "urduritasuna" hitza erabili dute: "Baina urduritasun ona da, gogo handia daukagulako jokatzeko". Garbi daukate aurreneko faseko aurkari zitalena Katalunia izango dela. Bestelakoan, Morianak jakin du zer izaten den txapelketa honetako bereizgarri handienetako bat: "Sekulako giroa egoten da harmailetan, zale asko bakoitza bere selekzioa animatzen". Horrek guztiak sortu dio kezkaren bat edo beste: "Onena emateko gai izango ote gara?", galdetu du.

Infantil mutiletan ere lau jokalari izango ditu Pulpok. Narbaizak egin ditu bozeramaile lanak, eta gogoa eta urduritasun ohikoaz gain, badu aparteko beste motibazio bat: "Dena emateko irrikaz nago". Honek ere badu Morianaren kezka bera: "Onena emateko gai izango ote garen...". Infantilen aurkariak Kantabria eta Balear Uharteak izango dira. Jokatu dituzte pare bat lagunarteko kantabriarren aurka: "Aurrenekoan hamabost goleko aldeagatik galdu genuen, baina bigarrenean, hirugatik bakarrik. Ea hirugarren partida onetan irabazten diegun". Hoteleko giroa-eta ezagutzeko gogoz doala ere kontatu da: "Talde batean sartuta sei bat egun igarotzea zer den bizi nahi dut".

Maila berean, baina nesketan, Gomez izango da Pulpoko ordezkari bakarra. "Oso urduri nago", onartu du. "Lo lasai egiteko ere lanak dauzkat", gehitu du. Aurkariak Extremadura eta Murtzia izango dituzte, eta haien informaziorik ez dutela kontatu du. Gainerako zumaiarren antzera, Gomezek ere autobusez egin beharko du bidaia urtarrilaren 2an, txapelketa hasi bezperan, euskal selekzioko gainerako jokalariekin: "Luzea izango da bidaia, hamar bat ordukoa, baina gogoa daukat lagunekin-eta esperientzia hau bizitzeko".

"Klubaren lan ona islatzen du"

 Hitza hartu duten klubeko bost kideek nabarmendu egin dute gauza handia dela herriko hamabi jokalari eta entrenatzaile joatea Euskadirekin txapelketara. Guztiek ere bat egin dute baieztapen honetan: "Ederki islatzen du zer-nolako lana ari den egiten Pulpo harrobiko lanean". Hori horrela izanik, laster hasiko den txapelketan, Euskadiko selekzioaren baitan, Pulporen lana eta izena ere zabalduko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide