Emozioz betetako larunbata izango da Pulpoko neska eta mutilentzat, bi taldeek, zein baino zein, Gipuzkoako txapelketetako finalak jokatuko baitituzte.
Taosa taberna Pulpoko mutilek, 11:30ean izango dute hitzordua Orioko Karela kiroldegian, eta Ereintza taldea izango dute aurkari. Mutilak, partidarik galdu gabe iristen dira finalera, baina norgehiagoka bakar batetan edozer gauza gerta daitekeenez, zuhurtziaz hartzen dute erronka.
Aita Mari Pulpoko neskek, ordu berdinean, hots, 11:30ean izango dute finala, baina kasu honetan Usurbilgo Oiardo kiroldegian, Eibar taldearen aurka. Finalerdietan Saieko garaitu ostean, animoa goian dute neskek ere, eta gogotsu ageri dira finalaren aurrean.
Bai Taosak eta bai Aita Marik irabaztea lortzen badute, Euskadiko txapelketa jokatuko dute eta Espainiako sektorera joateko txartela eskuratuko dute. Galduz gero, bigarren aukera bat izango dute Espainiako sektorerako txartela eskuratzeko.
Ez zaie faltako familia, lagun eta zaletuen babesa. Aupa Pulpo!