Garagardo feria, musika eta kirola Pulporen 50. urteurrena ospatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2024ko eka. 20a, 09:52

Asteburuan izango da Pulporen Octopus Fest jaialdia, eskubaloi klubaren mende erdia ospatzeko. Besteak beste, garagardo eta janari feria egingo dira larunbatean eta igandean, Eusebio Gurrutxaga plazan jarriko den karpa handian. 

Pulpoko jokalari beteranoen partidekin hasiko dira ospakizunak larunbat goizean, 10:00etatik aurrera, Lubaki kiroldegian. Emakume beteranoek jokatuko dute aurrena, eta ondoren gizonek. Partida irekiak izango dira ikusleentzat, beraz, gerturatu eta animatu jokalariak.

Kirola egin ondoren, 13:00etatik aurrera, trikipoteoa hasiko da Ondartxo Plazatik, 14:30erako Beheko Plazan jarriko den karpara giro onean iristeko. Karpan, asteburu osoan, garagardo aukera zabala izango da, eta parrillan egindako jatekoa: oilaskoa, txorizoa, txurraskoa, saltxitxak, olagarroa, piperrak, txerri haragia...

Bazkalondorena girotzeko, 16:00etatik aurrrera DJ Olberren saioa izango da karpan, eta 19:00etatik aurrera karropoteoa egingo da herriko kaleetan zehar. Gauean, DJ Orbel karpara bueltatuko da, festarekin jarraitzeko.

Igandean ere karpa zabalik izango da egun osoan, janaz eta edanaz gozatzen jarraitu ahal izateko. Aupa Pulpo eta zorionak eskubaloizale guztioi!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide