Lide Arrizabalagak Espainiako zilarrezko domina eskuratu du Euskal Selekzioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2025ko urt. 9a, 17:22

Kopa kategorian, Andres Muñozek, Manex Narbaizak eta Malen Ayesak ere zilarrezko dominak eskuratu dituzte.

Zilarrezko domina eskuratu dute Euskal Selekzioko neskek Espainiako CESA 2025 Eskubaloi txapelketan. Tartean izan da Lide Arrizabalaga Albizu, Pulpoko jubenil jokalaria, txapelketa bikaina osatu duelarik.

Txapelketa ondo hasi ez zuten arren, Galiziaren eta Valentziaren kontra galduta, final-laurdeneterako txartela eskuratu zuten Gaztela-Mantxako selekzioari irabazita. Hortik aurrera hasi zen jubenil mailako nesken erakustaldia: Andaluzia eta Nafarroa kanporatu ondoren, finalean Kataluniako selekzioarekin aritu ziren nor baino nor gehiago. Finala gogorra bezain leihakorra joan zen, eta azkenean kataluniarrak gailendu ziren, lau goleko errentaz. Lidek ia partida guztiak jokatu ditu, selekzioan protagonista izan delarik.

Beste kategoriatan, Ander Moriana eta Ander Zearreta jubenil mutilen laugarren postua azpimarratu behar da, bigarren entrenatzaile lanetan aritu den Eneko Tenaz ahaztu gabe. Finalerdietan, Madrilgo selekzioaren aurka galdu zuten, lehia orekatuan; eta brontzezko dominarako partidan, ezin izan zuten Gaztela-Leongo selekzioa gainditu.

Kadete nesken selekzioa ere CESAko gorengo mailan lehiatu da, eta tartean izan dira Kira Lopez eta Axun Gomez zumaiarrak. Final-laurdenetan galdu ostean, Kataluniari irabazi zioten eta Valentziaren kontra galdu; beraz, seigarren postuan amaitu dute txapelketa.

Kadete mutilen selekzioan jokatu dute Andres Muñozek eta Manex Narbaizak. Lehen fasean aurkari gogorrak egokitu zitzaizkien multzoan (hirurak finalerdietarako iritsi ziren) eta, maila ona erakutsi zuten arren, lehen hiru partidan galdu eta bigarren fasean Kopa (bigarren kategoria) jokatu zuten. Finaleraino iritsi eta irabazteko aukera izan zuten arren, azkenean Madrilgo selekzioa gailendu zitzaien, gol bateko aldeaz. Zilarrezko dominarekin itzuli dira Zumaiara.

Infantil neskak ere Kopan lehiatu dira, eta hauek ere finalera iritsi ziren. Tartean zen Malen Ayesa Pulpoko jokalari zestoarra. Lau gol egin zituen Malenek, baina ez ziren nahikoa izan Valentziako selekzioari irabazteko. Zilarrezko domina lortu du, beraz.

Infantil mutilen selekzioan, berriz, Iker Corcuera, Jakes Gorritiberea eta Lander Larrañaga aritu dira. Kopako brontzezko dominaren lehian izan dira, baina hauek ere ezin izan zuten irabazi; beraz, kopako laugarren postuaren konformatu behar izan dira.

Zorionak Pulpoko kideei, harrobia osasuntsu dago; eta zorionak, Euskal Selekzioa.

Gora Pulpoko harrobia 💪

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide