Ez dute erraza izan bidea gure Decotena Pulpo taldeko mutilek, baina bai, hirugarren aldiz azken lau urteotan, Pulpoko infantilak Gipuzkoako txapeldun izan dira, eta bigarrengoz Euskadiko txapeldun (iaz azpitxapeldun). Sendo dator harrobia, are eta gehiago kontutan izanda beste taldea, Txikixa Pulpo taldea, Gipuzkoako hirugarren izan dela. Kintada ona atera da 2012koa.
Ligan biak goian izan ziren eta finalerdietan parean egokitu ziren zirrara handiko derbi batetan. Decotena finalera pasa zen eta bertan Saieko garaitu zuen, Gipuzkoako finalean. Horrekin, Euskadiko txapelketarako txartela lortu zuten eta asteburuan Arabako Corazonistas eta Bizkaiko Barakaldo izan zituzten aurkari. Biak garaituta lortu dute Euskadiko infantil talde onenaren saria.
Baina honekin ez dute bere ibilibidea bukatu, ezta gutxiago ere: orain Espainako Txapelketarako sailkatu dira, eta aste honetan bertan jakingo dute non egokitu zaien sektorea jokatzea. Erronkaz eta bidaiaz gozatzeko eta ikasten jarraitzeko prest daude gure mutilak. Izan ere, garaipenaren gainetik duten talde izaera eta giroa dute nagusi. Horretan ere txapeldunak dira!
Aupa Pulpo eta gora gure harrobia!