Bi aste barru, maiatzaren 8tik 10era, Zaragozako Salduba kiroldegian egokitu zaio lehiatzea Decotena Pulpo infantil mutilen taldeari. Sektorean egokitutako aurkariak oso gogorrak dira.
Alde batetik Aragoiko txapelduna den Dominicos taldea; bere baitan benetako selekzio bat den taldea da, eta aurreko bi urteetan Espainiako onenen artean bukatu du. Beraiek dira anfitrioiak eta sektorea irabazteko helburuarekin antolatu dute. Horien kontra igandean jokatuko dute gure mutilak.
Baina, horren aurretik beste bi neurketa izango dituzte, denak ere Zaragozako Salduba kiroldegian: ostiralean, Alakanteko Elda taldearen kontrea hasiko dute sektorea; eskubaloian historia handia duen talde indartsua da, eta aurten Valentziako Erkidegoko lauko finalerako sailkatu den taldea izan da. Larunbatean berriz, Galiziako azpitxapelduna den Cisne Los Sauces taldearen aurka izango dute neurketa. Hau ere izaera eta ibilbide handiko taldea. Igandean, esan bezala, etxeko taldearen aurka itxiko dute sektorea.
Helburua lehiatzea, gozatzea eta ikasten jarraitzea dute gure mutilek, eta seguru harmailetatik ez zaiela babesik faltako. Zumaiatik ere, streaming bidez, partida guztiak jarraitu ahal izango ditugu.
Aupa Decotena taldea eta aupa Pulpo!