Elastikoaren bidez, klubak bere sustraietara itzuli eta mende erditik gorako kirol ibilbidea abiatu zutenak omendu nahi ditu. Pulpoko lehen talde haren estetika berreskuratuko du jantzi berriak, garai hartako kolore eta ezaugarriak gaur egungo beharretara egokituta.
Baina begirada ez da hastapen haietara bakarrik mugatzen. Omenaldia da, baita ere, ordutik gaur arte Pulporen eta Zumaiako eskubaloiaren historia eraiki duten belaunaldi guztientzat: jokalari, entrenatzaile, zuzendaritzako kide, laguntzaile eta zaleentzat. Izan ere, hamarkada hauetan guztietan eskubaloia kirol bat baino gehiago izan da Zumaian, eta herriko hainbat belaunaldi elkartu eta lotu ditu.
Pulpo Elkarteak aurten 75 urte bete dituela baliatuta, elastiko bereziak elkartearen eta eskubaloiaren arteko lotura ere ekarri nahi du gogora. Pulpo Elkartearen ekimenari esker eskubaloiak ibilbide luze eta oparoa izan du Zumaian, eta urteurrenak aukera eskaintzen du orduko aitzindarien ekarpena eta haien ondoren egindako bidea aitortzeko.
Hurrengo partida, beraz, kirol hitzordua ez ezik, Pulporen eta Zumaiako eskubaloiaren historia ospatzeko aukera ere izango da. Iraganetik gaur egunera, elastiko beraren inguruan elkartuko dira berriro eskubaloia herrian sustatu zuten lagun haiek eta haien lekukoa hartu duten belaunaldi guztiak.
Horregatik, Pulpo Eskubaloiak herritarrak eta zaleak gonbidatu nahi ditu harmailak betetzera eta egun berezi hau taldearekin batera ospatzera.