Aurten Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena ospatu da. Honen harira Errenteriako Landarbaso abesbatzak eta Donostiako Verdini Dantza Taldeak ekitaldi berezi bat prestatu dute, "Gernika ilunetik argi" izenburupean.
Kontzertuak, egitura klasikotik ihesi, familia baten bizipenak kontatzen dizkigu, musikaren, hitzen eta argien bidez. Aurrez idatzitako musika erabili den arren, Pablo Sorozabalen Gernika adibidez, ikuskizunerako hainbat lan prestatu behar izan dira eta hor ageri da Iker Gonzalezen lana, bai abesti propioak idazten eta baita abesti herrikoien moldaketak ere.
Testu berriak behar izan dituenean Balendiñe Albizurenak hartu ditu. Horren adibide, Eusko Gudariak abestiari amaiera emateko Balendiñek gerra garaian idatzitako testu bat ageri da. Aurrez idatzitako beste bi kantek ere Balendiñere testuak dute Larretxo masustak eta Mantoni. Bi olerki hauetan Balendiñek bere haurtzaroa gogoratzen du eta gerra hasieran umeek bizi zutena islatzen dute ekitaldian.
Hemen kontzertuaren deskribapena:
"Bizia, horrelakoxea da Gernikako herria, herri bizi eta argia; eta bertan bizi da Pedro gaztea gurasoekin, bere anai-arrebekin eta etxeko astoarekin. Garaiko beste neska-mutiko alai askorena bezala, Pedroren kezka nagusienak txikiak dira, azken komikia nola lortu edo eskolatik noizbehinka kiker egitea, baina... gerra hotsak herrira hurbiltzearekin batera hala beharrez egin beharko du bat-batean heldu eta gris".
Azoka egun hartan hegazkin ilunek Gernikako zerua beltzatzean, herriaren bizitza hankaz gora jarriko da. Bonbak, hotsak, oihuak, hildakoak, beldurra nagusi... eta herriaren iluntasuna hautsiz sugar gaiztoak. Pedroren familian ere argi bat itzali egingo da gerraren ondorioz, baina gurasoek beti erakutsi bezala, bizi nahiaren sugarrak gorrotoarenak baino indar handiagoa izan dezake eta ilunetik argia ateratzen lagundu behar digu.