Donostian Zumaiako musikaren oihartzunak…

Luberri abesbatzarekin burutuko dugun elkartrukearen lehenengo atala (Espiritu Santuaren elizan larunbatean, urriak 26, 19:45etan).

Larunbat honetan Donostiako Ibaeta auzoan kontzertua eskainiko dugu. Luberri abesbatza, 2008an, Antigua-Luberri ikastetxean sortu zen bertako guraso, irakasle eta ikasle ohiekin.  Hemendik hilabete batera Zumaian izango ditugu baina oraingoan gu goaz gure musika eskaintzera. Egitarauaren aldetik esan behar herriko egileei arreta berezia jarri diegula, Jose Maria Beobideren “Ama Eder” eta korukide den Iker Gonzalezen “Piku artean”, “Itxaso ta eguzkia” (bi hauek Balendiñe Albizuren hitzekin) eta “Isildu nahi ez den hura” (Karmele Mitxelenaren hitzekin) entzungo direlarik. Hauez gain, estilo ezberdinetako obrak eskainiko ditugu, horien artean “Yambambo” azpimarratuko dugu, Eva Ugalde musikagile donostiarrak guretzat idatzi baitzuen.

Ohikoa da horrelako ekitaldiak bi abesbatzak batera abesten amaitzea. Kasu honetan modu berezi batean egingo da, gizon guztiek Iker Gonzalezen “Ubi Caritas” eskainiko baitute eta emakume guztiek berriz Luberri abesbatzaren zuzendari den Junkal Guerreroren “Rederak” obra eskainiko dute.

Klarinetearekin Mikel Emezabal arituko da, pianoan Mari Karmen Azpeitia eta zuzendaritzan Amaia Aldalur. Gonbidatuta zaudete!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide