Urriaren 31etik azaroaren 3ra Tolosa abesbatzen munduko topagune bihurtuko da. Europatik eta Asiatik etorritako talde ezberdinek beraien musika eskainiko dute, hain preziatuak diren sarien bila eta, nola ez, Europako Grand Prix-ean (Irabazleen Lehia) parte hartzeko txartel bakarraren bila. Betidanik euskal musika sustatzea helburu izan dutenez, folklore sailean, euskaraz abesteko behartuta daude abesbatza guztiak. Urtemuga bereziren bat ez denean, orduan hori kontutan hartzen baita, gaur egungo egileen musika izan ohi da nagusi “behartutako obren” artean.
Folklore Sailean hamar taldek parte hartuko duten arren, bi talde soilik dira ahots berdinetakoak: Suitzako Männerstimmen Basel taldea 35 gizonez osatua Olivier Rudin-en zuzendaritzapean eta Asturiasko Aurum taldea, 40 emakumez osatua Elena Rosso-ren zuzendaritzapean. Bi taldeek lortu dituzte sariak nazioarte mailan eta, musika egiteko garaian seriotasuna galdu gabe, irudi berritzaile bat aurkeztu nahi dute.
Obrari dagokionez, testu sakon eta sentikor baten gainean idatzita dago. Musika testuan dauden kolore guztiak adierazten saiatzen da: une baketsuak eta indartsuak, une alaiak eta gogoetara bideratzen gaituztenak uztartzen direlarik. Hitz gutxitan asko esaten duenez, guzti hau espresatzea erronka handia bihurtuko da abestuko duten taldeentzat.
Suitzako taldea ostegunean, arratsaldeko 19:30ean parte hartuko du, eta asturiarrak berriz larunbatean 16:00etan. Tolosako Leidor antzokian izango dira lehiaketako saioak.