Urteko egunik luzeenen eta gaurik motzenen atarian gaude. Udako solstizioa musikarekin ospatzen da hainbat lekutan eta, horren harira, laurogeiko hamarkadatik aurrera ekainaren 21ean ospatzen da 'Europako Musikaren Eguna'. Baltiko itsasoak bustitzen dituen herrialdeetan milaka koralistek beraien ahotsak batzen dituzte egun berezi hauek ospatzeko, guk ordea zerbait xumeagoa proposatu nahi dizuegu.
Oraingoan, toki itxi batean kantatu ordez, plaza ireki batean eskainiko dugu gure musika, Arrangoleta Plazan, hain zuzen. Euskal Musika izango da kontzertuaren ardatza, atzokoa eta gaur egungoa. Mutil txaleko gorri tradiziozko fandangoa, eta, baita, Eñaut Elorrieta, Urtz, Mikel Markez edota Ruper Ordorikaren kantuak ere. Hemengo musika izanik, doinu hauek koruen mundura eraman dituztenak oso gertukoak ditugu: Josu Elberdin, Junkal Guerrero edota Xabier Sarasola.
Bestalde, Talaimendi azpian kantatuko dugunez, ezin dugu herriko sortzaileen lana ahaztu. Balendiñe Albizu joan zitzaigunetik 20 urte betetzen dira aurten, eta bere herriari idatzitako olerkien gainean idatzitako bi abesti entzungai izango dituzue. Hor agertuko zaizkigu Larretxoko masustak, Mantoni sagar saltzailea, Ardantzako pikuak edota gazteen artean egiten ziren dantzaldiak. Olerki horiek gure koruko kide den Iker Gonzalezen musikaz kantu bihurtuta.
Ekitaldia, eguraldia lagun, 19:30ean hasiko da. Bertan izango gaituzue Mari Carmen Azpeitiaren laguntzaz eta Amaia Aldalurren zuzendaritzapean, musikaz blai egiteko.