Uztaila amaitzear dugu eta abuztuaren 1ak askorentzat oporren hasiera markatzen du. San Pedro abesbatzako kideok ordea musikako oporrak hurrengo egunean hartuko ditugu, urteko erronka berezienari aurre egin ostean. Musika Jaialdia sortu zenetik gure parte hartzea etengabea izan da, 40 edizioetatik 39an parte hartu baitugu.
Hau guztia ospatu eta abesbatzaren barruan Musika Jaialdiak izan duen eragina agerian uzteko kontzertu berezi bat prestatzen ari gara, 40 urte hauetan esanguratsuak izan diren abestiak gogora ekarriz. Hainbeste musika eta proiektu ezberdinen artean aukeratzea zaila da, beti geratuko dira gauzak kanpoan. Baina barnean dugun guztia atera nahi dugu, zuekin musika eta sentimenduak partekatzeko asmoz. Abestiak dioen bezala “Barrutik infinitura” joatea proposatu nahi dizuegu. “Tximeletak sabelean” hasiak dira…
Hitzordua, abuztuak 1ean, arratsaldeko 20:00etan izango da San Pedro parrokian