Kontzertu garrantzitsu baten aurretik askotan serio jartzen gara, lan handia dakarrelako hor atzean dagoen guztia prestatzea. Baina zuzendariak eskuak jaisten dituenean eta kontzertuko trajea kentzen dugunean taldearen “B aldea” agertzen da. Musikak batzen gaitu, musikak betetzen gaitu, baina baita honen ondoan gertatzen diren hamaika bizipenek ere.
Bizipen horiek guztiek, gainera, taldearen izaera eta soinua eraikitzen joaten dira. Abesbatza bat ez baita beraien artean lehian dabiltzan bakarlari talde bat. Orduan, antena guztiak ireki behar dira, ondoan dituzunak entzun eta zure ahotsa haiekin uztartzeko.
Elkarrekin egindako lan guztiek (Euskal Jai egunean mahaiak zerbitzatzea, Olarro Eguneko postua, elkartruke baten barne ehun pertsonentzat afaria prestatzea…) pentagramak lantzerako orduan ere eragina dute.