F. Haendelen Messiah oratorio ezaguna Gabonetako garai honetan eskaintzea tradizio bihurtu da, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian ere. Egilearen maisutasuna erakusten duen musika eder hori han eta hemen eskaintzen da, eta entzulegoaren arreta pizten du une oro. Tradizio horri jarraiki Zumaiako San Pedro abesbatzak kontzertu berezi batean parte hartuko du Donostiako Kursaal aretoan datorren ostegunean, abenduaren 12an.
Messiah Parte-Hartzailea izeneko proiektuak Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoia jarriko ditu Kursaaleko eszenatokian musika egiten, Aaron Zapico maisuaren zuzendaritzapean. Haiekin batera, Gipuzkoako bost abesbatzetako kide diren berrehun partaidek baino gehiagok parte hartuko dute eserlekuetatik oratorioko hamar bat pieza kantatuz; Zumaiako San Pedro Abesbatzako 40 abeslari inguruk parte hartuko dute egitasmo eder horretan.
Formatu kolektibo hau ez da ohikoa gure artean, are gutxiago musika klasikoaren esparruan, baina obra handi eta eder honek badu balio unibertsalak partekatzeko asmoa eta jendarte zabala zirrara berezian biltzeko borondatea. Eta kontzertu honek hori lortzen duela ziur gaude.
Kontzertua ostegun honetan, abenduak 12, 19:30etik aurrera entzungai izango da Donostiako Kursaal aretoan.