“Adituen” esku

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2020ko ots. 17a, 09:15

Bost euroko isuna. Gauza desberdin askorengatik izan daiteke, ezta? Arrazoia kontatu zidatenean, zur eta lur geratu nintzen. Zumaiatik ez oso urrun, ba omen da mutilen futbol talde bat, bertako kideak futbolariak izateaz gain “adituak” ere badirenak.

Dirudienez, haietako batek ligatzen duenean, bost euroko isuna ordaindu behar izaten du futbol taldean. Baina ez hori bakarrik; izan ere, “adituen” lana orduantxe hasten da: ligatu duenak beste pertsonaren argazkia erakutsi behar izaten die kideei eta horiek “polita” edo “itsusia” den epaitzen dute. Futbol taldeko kideen sententziaren arabera, isuna txikitu edo handitu egiten da.

Ez dakit “aditu” horiek sententzia asko edo gutxi eman behar izaten dituzten eta, beraz, futboleko entrenamenduetan zentratzeko lanpetuegi egoten diren ala ez. Pilatutako diruarekin zer egiten duten ere ez dakit, ezta jakin nahi ere. Umeen kontua dela pentsa dezake norbaitek, baina ez pentsa, adinez, behintzat, ez dira hain umeak. Agian dibertigarria irudituko zaie multen kontu hori; baina gogoa behar da, gero, ligatu ondoren epaiketa horretatik pasatzeko, “adituen” iritziak isunak ordaintzeko ez ezik, beste zerbaitetarako balio balu bezala.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide