Ustekabean

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2020ko eka. 25a, 08:30

Urtarrilean urte zoriontsua opa genion elkarri: “Aurrekoa baino hobea izan dadila!”, urtero errepikatzen den esaldia izaten da. Urte zoriontsua behar zuenak, ordea, 360 graduko bira eman zuen martxoan, eta duela gutxira arte, urte konfinatua bilakatu zen. Pixkanaka, berriro ere kaleak jendez betetzen ari dira eta 2020ak bizitza sozial pixka bat, behintzat, ezagutuko du. Baina, orain, ekainarekin batera udara iritsi da, eta zer gertatuko da? Ez dirudi aurtengoa gainerakoen antzekoa izango denik: festa asko bertan behera geratu dira. eta kultur ekitaldi jendetsuak ere ezingo dira egin.

Ustekabean harrapatu gaitu guztiak. Nork pentsatuko zuen, urtarrilean, 2020ak horrelako “oparia” egingo zigunik? Hala ere, gauzei alde ona aurkitze aldera, esan beharra dago itxialdian egon garen artean gauza positiboak ere gertatu direla. Pertsona askok euren burua berrasmatu eta gizarteari ekarpen handia egin diote: maskarak, doako kultur ikuskizun telematikoak, faboreen kateak abiaraztea…, solidaritateak indar handia hartu du urte honetan. Elkarrengandik “urrun” egoteak gehiago gerturatu gaituela dirudi, eta pandemia honetatik horrekin geratu beharko dugu. 

Udara ere ahal den moduan aprobetxatu beharko dugu. Ziur aski, aurten ez dugu gehiegi bidaiatuko, baina, aizu, Zumaian txoko ederrak ditugu eguraldi onaz gozatzeko. Datorren urteak aurtengoa baino hobea izan beharko du, halabeharrez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide