Kantuz

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2021ko eka. 22a, 05:59

Kantuz sortu eta kantuz bizi nahi izaten dute batzuek. Eta hori ere, nolabait, pandemiaren ondorioz eten egin den zerbait izan da.

Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak deituta, maiatzaren hasieran elkarretaratzea egin zuten Donostian hainbat abesbatzatako kideek, protokolo bat izanik ere, azarotik entseatu ez zutela salatu eta kantatzea segurua dela aldarrikatzeko. “Musikak motibazio bat ematen dizu, emozio batzuk sortzen dizkizu; eta orain pertsonari emozioak falta bazaizkio gusturago bizitzeko, horrek bizitza makaldu egiten du”, aitortu zidan 70 urteak pasata zituen koru zuzendari batek. Zenbaitek kanta goibelak dituzte maite, ez galdetu arrazoia; edo kantu batek zauria ireki diezazuke. Baina ez abesteak ere ireki diezazuke zauria. “Entseatzen ez dugunetik koruko jende gehiena ikusi ere ez dut egiten”, esan zidan nahigabe handiz pertsona horrek. Eta askorentzat kantuan dago fortuna guztia eta kantu bat egiten die bizitako guztiari, uzten badiete behintzat. “Gustatzen zaigun horrekin jarraitu nahi dugu, pertsonalki asko ematen baitigu”, nabarmendu zuen zuzendariak. Beldurra ere sentitzen zuen. Abesbatza horretako jende gehienak 60 urte baino gehiago ditu eta txertoa jasotzeko momentua laster iristeko itxaropena zeukan haien ahotsen gidariak: “Txertoa aurki jasoko dugula pentsatzen dut eta txertatzen bagaituzte, berehala eskatuko dut entseguak egiteko baimena”. Aurki txalo guztiak berriro ere kantuz eskertuko dituzuelakoan, ez utzi bizitza gehiago makaltzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide