Bizipenak baino, kezkak direla esango nuke. Herri guztietan ditugu osasun etxeak, gorputzeko edozein ataletan ondoeza sentitzen dugunean bertara joan eta berehalako arreta eskaintzen digutenak. Buru osasunari dagokiona izan ezik. Sarritan entzuten dugu buru osasuna zaintzea funtsezkoa dela. Baina, nola zaindu dezakegu, horretarako trabak jartzen badituzte?
Osakidetzak psikologo edo psikiatra batek zeure buruarekin ondo sentitzeko laguntza eskaintzea nahi baduzu, profesional hori hainbat hilabetetan behin bisitatzeko aukera eskaintzen dizu. Baina bada laguntza hori askoz sarriago behar duen jendea.
Osakidetzak aukera hori eman ezean, pribatura jotzen dute horretarako baliabideak dituztenek. Eta, dirua, halabeharrez, horretarako erabiltzea erabakitzen dutenek, garestia dela iritzita eta arrazoi faltarik gabe, psikologo pribatu horrengana joateari uztea erabakitzen dute. Horrela entzuten ditugu gero buru osasunaren inguruko datu kezkagarriak; baina, agintariak prest al daude datu kezkagarri horiek jaisteko baliabideak jartzeko?