Silizioaren iruzurra

Erabiltzailearen aurpegia Telmo Lazkano 2026ko ekainaren 14a

Telmo Lazkanok apirileko Zumaia Guka aldizkariko Nire txanda atalerako idatzitako iritzi artikulua.

Gurasoak eta irakasleak; irakasleak eta gurasoak. Berdin dio nola ordenatzen dituzuen, faktoreen ordenak ez baitu nahasmendua aldatzen. Galderak, errealitatearen zaplaztekoak bezala, beti berberak dira: zergatik ditugu liburu digitalak ikasgeletan? Zergatik tematzen da administrazioa haur hezkuntzan pantailak txertatzearekin, Osakidetzak kontrakoa adierazten duenean? Edo zergatik sustatzen ditu eLibrum bezalako artefaktuak ulermen gaitasuna sustatzeko?

Galdera horiek guztiak galdera bakar batekin erantzuten dira: non daude ebidentzia zientifiko zorrotzak, aldizkari indexatuetan argitaratutakoak, testuinguru horietan euskarri digitala analogikoa baino hobea dela frogatzen dutenak?

Eta erantzuna biluztasun beldurgarriz loratzen da: ez daude. Guztiz kontrakoa dago. Inoren sorpresarako. Jakina da beti dela hobe paperean irakurtzea eta eskuz idaztea, ikasleak aurrean duena ulertu eta gogoratu nahi badu behintzat. Memorian aztarna utzi nahi badu; alegia, ikasi nahi badu. Baina, hala ere, hor daude haurrak, arreta sostengatzen aktiboki ikasi beharrean, pasiboki liluratuta siliziozko produktuen aurrean; hor daude iraungitze datarekin merkaturatzen diren produktu digital intuitiboak erabiltzen, erabili ezean umeak etorkizunetik kanpo geratuko ote diren beldur itsuak jota. Itsua, bai, ez baitigu begi bistakoa den zerbait ikusten uzten: bat, orain ibiltzen dituzten produktu horiek direla, hain zuzen, etorkizunean merkatutik kanpo geldituko direnak berriengatik baztertuta; eta bi, egungo gazteek ez dutela Nokia bat erabili behar izan smartphone bat erabili ahal izateko.

Kontuak kontu, hemen azken galdera: ausaz erori al gara egoera honetan? Ez. Hezkuntzan, pentsamendu zientifikoak utzitako hutsunea bizkor bete du beste aktore batek: merkatuaren esku luzeak. Modernitate berniz merke batekin, "berrikuntza" gisa saltzen digute irakaskuntzaren merkantilizazio hutsa eta gogorra baino ez dena. Hezkuntzaren azken helburua berritzea dela sinetsarazi digute. Eta administrazioak sakon irentsi du amua, antza. Baina ez engainatu: horrek ez du haurren ongia xede, merkatuaren helburua betetzea baizik, salgaiak ikasgeletan etengabe izaten jarraitzeko, eta, bide batez, adingabeen datuak harrapatzeko.

Garai hauetan, premiazkoa dugu gogoratzea, beraz, hezkuntzaren helburua ez dela berritzea, hobetzea baizik. Hobekuntza oro berrikuntza mota bat da, jakina, baina berrikuntza orok ez du zertan hobekuntza izan. Bidea, beraz, ez da haurrekin esperimentatzea eta berritzea, ebidentzien arabera jokatzea eta hobetzea baizik. Eta hor, lau silaba eskaseko ñabardura txiki horretan, dago agian aldaketarako giltza.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide