Zazpi estropada jokatu dira asteburuan traineru denboraldiaren barruan, eta denetan aritu da Zumaiako Arraun Elkartea. Klubeko lau taldeek lan mardula egin dute bi egunetan.
Zumaiak KAE 1 ligan, hirugarren lekuan bukatu du asteburuko bi estropadetako lana eta gero. Pedreñan (Espainia), larunbatean, seigarren egin zuen, azkeneko txandan azkena bukatu ondoren. Tarte txikian ontzi asko sartu ziren, eta tamalez, Zumaiak bukatu zuen multzo horretako atzealdean. Isuntzak egin zuen hirugarren, eta bost segundo baino ez zizkion atera Zumaiari. Deustuk irabazi zuen bandera.
Igandean, emaitza hobetu egin zuen Patxi Francesen taldeak, hirugarren izan zelako Orion, erlojuaren aurkako lehian. Zortzi segundo bakarrik falta izan zitzaizkion Donostiarrari bandera kentzeko.
Azkenean, bi estropadetako emaitzak kontuan hartuta, hirugarren da Telmo Deun KAE 1 ligako sailkapenean.
Datorren larunbata egun berezia izango da zumaiarrentzat, etxean daukatelako estropada, ligakoa. 12:00etan hasiko da.
Zumaia Salegi Jatetxeak dotore eman zion bukaera asteburuari, Portugaleten trapua astinduz Euskotren ligako laugarren estropadan. Lan bikaina egin zuen, atzetik aurrera joanez. Ziabogan, San Juanek sei-zazpi segundo kendu zizkion, baina bueltako luzean, aurrea hartu zion, eta nola gainera. Azkenean, hiru segundo bizkorrago sartu zen helmugan Zumaia.
Bezperan, alderantzizkoa izan zen emaitza, Orioko erlojupekoan. San Juan aurretik, Zumaia ondoren. Segundo pasatxo bakarrik, baina bigarren egin behar.
Bi emaitzak kontuan hartuta, larunbatean galdu zuen berreskuratu zuena atzo Zumaiak: lider da berriz Euskotren ligan.
Zumaia Bk ere bi estropada izan ditu asteburuan. Eta bietan azken-aurreko egin du, hamahirugarren. Plentzian jokatu zuten larunbatean, eta Pasaian igandean. Sailkapenean ere hamahirugarren da.
Hauek ere etxean jokatuko dute hurrengo estropada, larunbatean, 17:30ean.
Zumaiko Beteranoak Pontejosen (Espainia) izan ziren larunbatean, eta gorabeheraz beteriko estropadan, laugarren izan ziren. Kale bat, zumaiarrena, bestea baino 50 metro luzeagoa zen, eta Zierbenak, protesta bezala, lehen luzea egiterako estropada bertan behera utzi zuen. Zumaiarrek ez, hauek lan osoa egin zuten, eta azkenean, laugarren denbora egin. Arkotek irabazi zuen. Helegitea eta dena sartu zuten zumaiarrek. Balekotzat jo zen estropada, baina ez da izango puntuagarria ligarako.
Sailkapenean, hortaz, lehengoan dira kontuak, eta hirugarren da Zumaia.