Zortzi estropada falta dira zehazteko zein talde jaitsiko den eta zeinek jokatuko duen kanporaketa, eta aldea zortzikoa izanik, matematikak beste itxura bat dauka orain, Galiziako bi emaitza onei esker. Larunbatean, Moañan, 11. izan zen, azkeneko luze bikaina egin eta Portugalete atzean utzita; igandean ere 11. izan zen Zumaia, baina erabateko nagusitasunez azpiratu zuen aurkaria: 14 segundo sartu zizkion. Pena bakarra izan zen haizek ez ziola lagundu beste txandetako talderen bat bien artean sartzen. Baina igandean bezalako aldeak errepikatzen badira hemendik aurrera zumaiarren eta Portugaleteren artean, ziur asko sartuko dira beste talde batzuk bien artean, eta horrek aukera emango die zumaiarrei sailkapeneko aldea azkarrago murrizteko.
Konfiantzaz gainezka, animoz lepo eta indartsu itzuli dira gure arraunlariak Galiziatik, eta aldarte egoki horrekin ekingo diote beste bi estropadako asteburuari. Berezia izango da, gainera. Izan ere, igandean, uztailaren 31n, herrian bertan daukagu estropada. 12:00etatik aurrera, Euskotren liga lehendabizi, eta gero San Miguel ligako izango dira. Galizian zumaiar asko bildu da gure arraunlariak animatzeko, eta hemendik esker ona adierazi nahi diegu zaleei, asko lagundu dielako arraunlariei. Estropada Zumaian izanda orain, ez dago aitzakiarik zumaiarrentzat: gorriz jantzita joan behar da estropada ikustera. Gure arraunlariek Paolaldeko bide guztia eta estropada ikusteko lekua gorriz jantzita ikusten badute, orain daukaten konfiantza, animoa eta indarra hirukoiztu egingo zaizkie.
Larunbateko estropada, Pasaian da, 18:30ak aldera, Euskotrenekoaren ondoren. Bost ziabogatara jokatuko da estropada hori.
KAE 2 ligako taldeak ere bi estropada izan zituen asteburuan. Larunbatean, Mundakan, zazpigarren izan zen, eta igandean, Sestaon, hamabigarren. Sailkapen nagusian seigarren dira gure harrobiko arraunlariak. Hauentzat ere berezia dator hurrengo asteburua, Zumaian bertan izango dutelako estropada. Larunbatean izango da, 17:30etik aurrera. Hauek ere eskertuko dute zaleak gorriz jantzita ikustea. Aurretik, 17:00etan, Gipuzkoako liga estropada jokatuko da Zumaian bertan.
Igandean, Sestaon ariko dira, 12:00etatik aurrera, erlojuaren aurka.
Beteranoek urruti izan zuten estropada, San Vicente de la Barqueran (Espainia), eta hirugarren izan ziren.