Abenduaren 3an eman zitzaion hasiera Euskararen Ginkanaren 5. edizioari eta egun berean amaitu zen lehiaketan parte hartzeko epea. Halere, epe hau luzatzea erabaki dute antolatzaileek eta taldeei izena emateko aukera zabaltzea abenduaren 15a arte.Izen ematea www.euskararenginkana.eus webgunean egin behar da.
Dagoeneko 24 dira ginkanan izena eman duten taldeak. Izaera eta eremu geografiko desberdinetakoak dira taldeok, gipuzkoarrak eta nafarrak dira talde gehienak baina badira bizkaitarrak eta arabarrak ere, bada Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheko ikasle euskaldunek osatutako taldea ere eta baita Madrilen bizi diren euskaltzale taldea ere. Anitza da taldeen izaera, badira aisialdi eta kultur taldeak, euskara elkarteak, euskaltegiak, mintzapraktika taldeak, hezkuntza arlokoak, ikasle taldeak, … Saria irabaziz gero finantzatu nahi dituzten proiektuak ere anitzak dira eta benetan interesagarriak, Euskararen Ginkanaren webgunean bisitatu ditzakezue beraien buruak eta babestu nahi dituzten proiektuak aurkeztuz egin dituzten bideoak.
Euskararekin eta euskaraz jolastuz dibertitzeko lehiaketa da Euskararen Ginkana eta sariarekin euskara sustatzea du helburu. Animatu eta parte hartu 3.000€ko saria duzue zain.