0-6 haurrentzako lokala orain!

Erabiltzailearen aurpegia Txiribuelta Elkartea 2019ko api. 2a, 11:10

Txiribuelta elkartearen urteko asanblada orokorra egin dugu eta gai ordena bat eta bakarra izan dugu: 0-6 urte bitarteko umeen eta haien gurasoen lokala. Itxaropena pizten zigun gaia, azken hilabeteetan etsipen eta kezka iturri bilakatu da.

Urteak dira 0-6 haur eta gurasoentzako lokala  lortu nahian lanean ari garela. Urtebete igaro da, zegoen blokeoa gainditze aldera, herrian sinadurak biltzeari ekin geniola. Jaso genuen emaitzarekin oso pozik geratu ginen. Herritar askoren babesa daukan proiektua dela berretsi zigun eta gainera, udal gobernuak eskaerari erantzuna emateko baliagarria izan zen. Udal gobernuak berehalaxe esan zigun lokal egoki bat bilatuko zuela horretarako, baita aste batzuetara lokal zehatz bat Txiribueltari proposatu ere. Orduan ilusioz eta indartsu heldu genion proiektua egiteari. Gure partetik egin beharreko etxeko lan guztiak egin ditugu epe motzean: proiektuaren ezaugarriak landu, Udalak aurkeztutako ideiari ekarpenak egin, inbentarioa… Argi genuen orduan 2018ko negurako zaila izango zela lokala herriko familientzat erabilgarri izatea, baina denok ziur ginen, beranduenez, 2019ko udazken-negurako edukiko genuela.

Usteak erdia ustel. Proiektua gure partetik itxitzat emanda eta inbentarioa eginda bazegoen ere, gure harridurarako 2019ko udal aurrekontuetan diru partidarik ez da bideratu lokala prestatzeko. Zergatia jakiteko, Udal gobernuarekin bildu garenean, hitza eman digute lokalaren proiektuan diru kopuru bat erabiliko dutela 2018ko aurrekontuaren soberakinetatik ateratakoa. Baina, hein berean udal gobernuak adierazi digu, ez dutela konpromisorik hartzen, ez 2019ko udazkenerako, ez 2019ko negurako, ezta 2020ko udaberrirako ere, lokala martxan jartzeko.

Herriko ume txikienentzat egokitutako lokalaren beharraz jakitun, Txiribueltako hainbat eta hainbat kide lanean aritu dira. Urteak pasa dira, eta egin kontu, kide horietako batzuen seme-alabek jada 6 urte bete dituzte eta beraz ez dute lokalaz gozatzeko aukerarik izango. Ea lekukoa hartu dugun gurasoen lana, denbora eta ilusioa ere ez diren bide beretik joaten.

Borondate kontua besterik ez da lokala martxan jartzea. Leku fisiko aukeratuta dago eta proiektua erabat eginda dago, beraz esleipenak lehenbailehen aterata, obra hastea besterik ez da falta.

Aurtengo udazken-negurako hilabete asko dugu aurretik. Denon artean bultzadatxoa emanez, ea laster martxan ikusterik dugun proiektua.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide