GUTUNA. 0-6 urteko haurrentzako lokala dela eta

Erabiltzailearen aurpegia Txiribuelta Elkartea 2019ko mai. 23a, 10:12

Kanpainan gaude! Azken egun hauetan alkategaiak gu konbentzitu nahian ari dira beraien aldeko bozka emateko. Saiakera horretan hamaika proiektu saldu eta aginduko dizkigute. Beteko ote dute agindutako guztia? Zer da herritarrok sinetsi behar duguna?

Txiribuelta elkartea, 0 eta 6 urte bitarteko haurrak ditugun familiok osatzen dugu, eta aspalditik ari gara gure haurrentzako lokal baten eskean. Izan ere, ludoteka (6 eta 12 bitarteko haurrentzat) eta gaztetxola (12 eta 18 urte bitartekoentzat) egon badaude, baina momentuz herriko txikienek ez dute txoko estalirik beraien beharrak libreki asetzeko.

Gaur egungo udal gobernuak aspalditxo eman zigun hitza, lokal bat egokituko zutela. Aurrerapausuak eman dira: alkatearekin bilera desberdinak egin ditugu, non beheko plazako lokal bat eskeini zitzaigun, lokal hori haurren beharretara egokitzeko egin beharrekoak landu dira arkitekto eta aparejadorearekin, oinarrizko altzarien zerrenda pasatu genion udalari. Alkatearekin izandako azken bileran, 2019ko martxoan alegia, maiatzeko diru kontuen plenoan haurrentzako lokalarentzako diru partida bat izango zela hitz eman zigun. Baina pleno horretan, ez zen Txiribueltaren lokalaren aipamenik ere egin. Dirudienez, ez da udalaren lehentasuna.

Zalantzarik gabe, Zumaian hezkuntza alorrean badira behar gehiago, noski, baina tamalez, txikienek ere leku estali baten benetako beharra dutela ere ongi dakigu. Eta behin proiektua eginda dagoenean, eta proiektu hori gauzatzeko baliabide ekonomikoak daudenean, aurrera egin edo ez,  borondate kontua dela deritzogu.

Guk itxaropentsu egon nahi dugu, eta espero dugu, datozen urteetan udalak herriaren alde lan egitea eta zumaiar guztion ahotsa entzunez, txikienen beharrak ere asetzea.

Txiribueltako lokalaren lantaldea

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide