Narrondo aldera begira dagoen mendi magalari Keretxudi deitzen zaio. Ibai alderako maldari, berriz, Keretxudipe esaten zaio. Badago inguruan beste lursail bat Keretxueta izenekoa.
Keretxua zuhaixka mota bat da, beste toki batzuetan ‘gartxu(a)’ deitutakoa (gaztelaniaz ‘labiérnago’ edo ‘olivillo’), Phillyrea generokoa. Lurzoru karetsuetan hazten da, eguteran bereziki, hosto iraunkorrak eta gogorrak ditu, eta fruituak beltzak dira heldutakoan. Hostozabalak (P. latifolia) eta hostoestuak (P. angostifolia) bereizten dira.
Amaierako -di hori -doi/-dui atzizkiaren aldaera bat da, ‘taldea’ adierazten duena. Ondorioz, Keretxudi izenak adierazten duena da ‘keretxu landare ugari dagoen tokia’. Beste izen asko daude bukaerako osagaitzat atzizki horiek hartzen dituztenak: Lertxundi, Urkidi, Ilarduia, Lizardoia, etab. Gauza bera esan nahi du Keretxueta izenak ere.
1775eko agiri zahar batzuetan jada ageri da Guerechodi izena inguru horri deitzeko. Puntanoetako tuneletik abiatuta, Kantera alderako bidean eskuin aldean dago KERETXUDIKO BARATZE PARKEA.
Baratzean bezalaxe, toponimiaren lurra jorratzen jarraituko dugu, ahal denean gune berriei izen zaharrak jartzen, izanari eusteko.