GAKOAK 01| Diagnostiko berri baterako gakoak euskararen egoera ulertzeko

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia

Bideo labur batzuk landu dituzte UEMAk eta Hamaika Telebistak, Iñaki Iurrebasoren tesian bildutako gakoetan oinarrituta, euskararen egoera ulertzeko giltzarriak direlakoan. Sortak hamaika atal dituenez, egokia iruditu zait Euskaraldiak irauten duten bitartean egunean bat aurkeztea.

Munduan 7.000 hizkuntza inguru daude UNESCOren arabera. Gaur egun, bi astean behin hizkuntza bat desagertzen da eta mende honen amaierarako, hizkuntzen erdia galduko dela aurreikusten da. 

Hori ote da euskararen etorkizuna? Desagertzea? Ez al zegoen ba inoiz baino euskaldun gehiago? Zenbaterainokoa da egoeraren larritasuna? Euskararen egoeraz jabetzeko bidaia labur bat proposatuko dizugu bideo sail honekin.

Euskararen galera eta biziberritzea ikusiko ditugu. Baita gaur egungo geldialdi egoera ere. Geldialdia?!!!? Bai, bai: geldialdia! Hobe dugu diagnosi egokia egin eta gauzak diren bezala begiratu, ilusio faltsuekin sendabide desegokien bila aritzea baino.

Euskararen egoerari buruzko ikuspegi berria eskaini digu Iñaki Iurrebaso ikerlariak. Gako nagusiak ikusiko ditugu bideo hauetan. Esaterako, begiak ireki dizkigu hizkuntza gaitasuna bezalako kontzeptuekin. Euskaldunak izan arren, herritar asko ez dira gai euskaraz lasai aritzeko. Ez dira gai erdaraz bezain trebe eta eroso euskaraz hitz egiteko. Hizkuntza-gaitasuna esaten zaio horri, eta horretan ez gabiltza oso indartsu. Euskararen aldeko atxikimendua eta jarrera, aldiz, oso positiboa da euskaldunen artean. Esan daiteke horri esker egin duela euskarak aurrera urte askoan. Atxikimendu hori, ordea, ez da nahikoa. Atxikimenduak bakarrik, besterik gabe, ez du ekarriko euskara indartzea.

Euskal Herria izanik euskarak duen lurralde bakarra, esan daiteke oraindik orain Euskal Herrian bizitzeak, erdaldundu egiten duela. Korrontearen kontra aritu behar dugu euskaldunok. Goitik behera datorren eskailera mekanikoan, kontrako norabidean igotzen saiatu behar dugu, etengabe.

Nola iritsi gara egoera honetara?

Iñaki Iurrebasoren azalpen luzeagoa entzun nahi baduzu, hementxe atal hauei egindako sarrera moduko bat: GAKOAK ALETUZ 01

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide